Aurreko asteburuan hasi zen Umore Ona esku pilota txapelketa, Goizuetan; espero baino egun bat beranduago, ordea. Izan ere, elurraren eraginez, atzeratu egin ziren ostiraleko partiduak, eta aste honetan zehar jokatu dituzte, bi izan ezik; datozen asteotan izanen dira horiek, tartean Aizkorbe eta Apezetxeak jokatu behar dutena, Telletxea eta Santamariaren kontra.
Baina bi horiek ez, beste 13 partiduek badute emaitza; eta ez dira txarrak izan, goizuetarrentzat: bi partidutan, bi garaipen lortu dituzte.
Batetik, Sagardui eta Apezetxea benjaminek irabazi zuten, Aurrerako Zubillaga eta Olaizolaren kontra (18-8). Eta bestetik, aurreneko puntua lortu zuten Legarreta eta Elizegi alebinek, Añorgako Esteve eta Olaizola ez zirelako aurkeztu; 18-0 beraientzat, hortaz.
Legarretak eta Elizegik, beste partidu bat ere jokatu zuten, Otano eta Antimasbereren kontra galdu zutena (9-18); baina Nafar Jokoetakoa zen, eta ez Umore Ona txapelketakoa.
Gaur arratsaldean eta bihar goizean, beste 13 partidu guztira
Gaur eta bihar jokatuko da, txapelketaren bigarren jardunaldia. Zazpi partidu izanen dira gaur, arratsaldeko 17:00etan hasita; eta aurrenekoan ariko dira goizuetarrak: Salaberria eta Ruiz benjaminak, Usabiaga eta Gaskon hernaniarren kontra.
Bihar, berriz, goizeko 10:00etan hasiko dira partiduak, eta hor ere, goizuetarrak izanen dira aurrenekoan: Legarreta eta Elizegi alebinak, Oiarpeko Eskudero eta Olaitzen kontra.
Eta jaialdia itxiko duen seigarren partiduan, debuta eginen dute Aizkorbe eta Apezetxea jubenilek. Añorgako Zabala eta Oliden izanen dituzte kontrario, aurreneko puntua lortzeko.