«Ereñotzu ez da izango infernu haundi bat, txintxoak gara gu»

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 9a, 01:00

Ereñotzun grabatu berri du ETBko Herri txiki, infernu handi programak, saioetako bat. Au­rreko ostegunean egin zuten ekitaldi nagusia, eta bertan, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi aurkezleen monologoekin, eta Sebastian Lizasoren bertsoekin batera, jarri zituzten aurrez zenbait ereñotzuarrekin grabatutako pasadizoak.
Horietan protagonista dira, besteak beste, Iñaxi Oiarbide, Antonio Santa Kruz eta Florian Oiarbide. Gustora aritu ziren hiruak, kamaren aurrean. Eta lotsarik ez al zien emango? «Lotsa? Bai zera! Aspaldi utzi genituen lotsak atzean!».

Iñaxi Oiarbide: «jakin izan banu horretarako zela...»
Txilibita baserriaren historiaz aritu zitzaion Iñaxi Oiarbide, Gurrutxagari: «baratzan harra­patu ninduten, eta aspaldiko kontuetaz aritu ginen. Ente­ra­tu ziren sua beti piztuta daukagula, nahiz eta 40 gra­du egin. Bijilatuta omen gau­de! Esan omen zieten, tximiniatik kerik ateratzen ez denean, Iñaxi etxean ez dagoen seinale! Esan nien bukaeran; jakin izan banu horretarako zela... ez niela baiezkorik emango! Ez zaizkit horrelakoak gustatzen, baina gogoa daukat ikusteko. Uste dut ederki gelditu dela, eta oso kanta polita eskaini zidaten gainera», dio Iñaxik.

94 urterekin puzzleetan abila, Antonio Santa Kruz
Historia kontuetan ez, puzzleekin aritu zitzaien Epeleko Antonio Santa Kruz, programakoei: «kontatu nien nola, erretiroa hartu nuenean, eta behin baratza utzita, puzzleak egiteko afizioa hartu nuen. Programarako puzzle txikiago bat hartu nuen, 2.000 piezakoa, baina 10.000 piezakoak ere eginda dauzkat», dio Antoniok. Harrituta utzi zituen aurkezleak, 94 urterekin nola egiten dituen puzzleak.

Txirritari buruzko kontuak, Florian Oiarbidek
Florian Oiarbidek, berriz, ber­tso kontuak aipatu zituen; Txi­rritari buruzkoak, zehazki: «haren hainbat bertso ekarri nituen gogora. Adibidez, San Antonio elizari jarri zizkion bi. Bat aipatuz nola egin zuten eliza, harriak eramanez eta; eta bestea kontatuz Don Agus­tinen ideia izan zela eliza egitea, Hernani urruti zegoelako mezetara joateko. Baina hori ez dute atera programan az­ke­nean, aukeraketa egin behar dutela eta... Jarri dutena izan da, Haurra galdu zan harriyarena. Istorioa kontatu nien, eta bai­ta harria erakutsi ere», dio Florianek. 
Programaren izenburuak dioen bezala, infernu haundi bat ote da Ereñotzu? «Ez da izango infernu haundi bat, ez. Denetik egongo da, toki guztietan bezala, baina txintxoak gara gu», dio barrez. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!