Astigarragako Udal Gobernuak 2018ko aurrekontuen hasierako onarpena eramango du, asteartean, ez-ohiko udal osoko bilkurara. Zita 13:30etan da, udaletxeko pleno aretoan.
Hasierako onarpena eta gero, alegazio epean, udaletxeko webgunean zintzilikatuko da formulario bat, edozein bizilagunek kontsultatu eta ekarpenak egiteko aurrekontuei. Aurten astebete luzatuko da alegazio hauek egiteko epea.
Alegazio garaia amaituta, jeltzaleen Gobernuak aurrekontuak behin betiko onartzea aurreikusten du, urtarrilaren 31n, egingo den ohiko bilkuran. «Helburua aurrekontuei argi berdea ematea da, lehenbailehen, datorren urteko proiektuen inguruan ahalik eta azkarren lanean hasteko».
EH Bilduk, aurrekontuei
dagokion puntua plenotik
ateratzeko eskaera egin du
EH Bilduk gogor kritikatu du Udal Gobernua: «oposizioak emendakinak (zuzenketak) egiteko epealdia zabaldu ordez, zuzenean aurrekontuei hasierako onarpena ematea erabaki du EAJk».
«Orain arte, ogasun batzordean aurrekontuak aurkezten ziren, eta oposizioari 15 eguneko epea ematen zitzaion emendakinak egiteko. Behin epealdia amaituta, beste ogasun batzorde bat deitzen zen emendakinak eztabaidatzeko eta horiek onartu edo ez onartzeko. Ogasun Batzorde horretako erabakia plenora eramaten zen eta orduan ematen zitzaion hasierako onarpena aurrekontuei, behin oposizioaren emendakinak eztabaidatuta eta dagokion emendakinak onartuta edo ez».
«Prozedura hori aurreko legealdian (EH Bildu) eta legealdi honetako lehen bi urteetan (EAJ) errespetatu da eta gainontzeko udaletan (Hernani, Lasarte-Oria, Donostia, Hondarribia, Tolosa…) jarraitzen duten prozedura antzekoa da. Baina EAJk, beste behin oposizioaren lana zaildu eta oztopatzeko, prozedura guztia irauli nahi du, aurrekontuak ahalik eta azkarren onartzeko aitzakiarekin. Guztia aurrekontuaren onarpena 15 egun aurreratzeko. Lotsagarria», salatu du.
EH Bilduk neurri hau legearen aurka doala uste du, eta horregatik, txostena eskatu die plenoa baino lehen, Idazkariari eta Kontu-hartzaileari. «Legeak argi dio, Hasierako Onarpeneko plenoan aurrekontuak onartu, gaitzetsi edo zuzentzeko aukerak bermatu behar direla. Onartu edo gaitzesteko aukera bermatuko da: baiezkoak gehiengoa badira, onartuko dira aurrekontuak; ezezkoak gehiengoa badira, aldiz, ez dira onartuko. Ordea, zuzenketarako aukerarik ez da izango, EAJk parez-pare ateak itxi dizkiolako».
Horregatik, Idazkariari eta Kontu-hartzaileari EAJk proposatutako prozedurak legea errespetatzen duen idatziz esan dezaten eskatu die EH Bilduk, eta hilaren 12ko plenoko gai ordenetik aurrekontuen hasierako onarpena kentzea eskatu du, horrekin batera.
«EAJk behin hasierako onarpena eman ondoren alegatzeko aukera egongo zela adierazi zuen, baina EH Bilduk gogorarazi zien alegazio epe hori (erreklamazio epea deitzen zaiona), Udaletik kanpoko eragile, elkarte eta herritarrek alegazioak egiteko legeak aurreikusten duen epealdia dela. Legeak ez die baimentzen epe horretan udal talde politikoei alegazioak egiten. Beraz, zer nahi du, emendakinik ez egotea?», galdetu du: «zoritxarrez, ez da lehen aldia, EAJ saiatzen dela EH Bilduren jarduna oztopatzen». yy