Fase erabakigarrian sartuko da gaur, erremonteko Binakako Txapelketa. Semifinaletan dira dagoeneko, ligaxkako lau bikote onenak: Matxin III-Ion, Urriza-Agirrezabala, Ezkurra II-Endika eta Uterga-Etxeberria III. Eta bi partidutara jokatuko dute final haundirako pasea: gaur joanekoa, arratsaldeko 16:00etan hasita Galarretan; eta gaur zortzi, abenduaren 16an, bueltakoa.
Sailkapenaren arabera erabaki dute, zein ariko diren elkarren kontra, semifinaletan. Eta kasualitatez, ligaxkako azkeneko jardunaldiko partiduak errepikatuko dira orain: Matxin III eta Ion liderrak, Uterga eta Etxeberria III laugarrenen kontra ariko dira; eta Urriza eta Agirrezabala, bigarrenak, Ezkurra II eta Endika hirugarrenen kontra. Sekreturik ez da izango beraz, beraien artean! Eta ezta faborito argirik ere. Izan ere, Ezkurra II-Endika, eta Uterga-Etxeberria III nagusitu ziren aurreko asteburuan, baina beraiek izan dira azkeneko bi sailkatuak. Edozein kasutan, aldea oso txikia izan da, sailkatutako lau bikoteen artean: 12 puntu liderrak, eta 9 laugarrenak.
Barrenetxea, ligaxkako
atzelari onena
Semifinaletan ariko ez dena, Endika Barrenetxea hernaniarra da. Ligaxkan gelditu da kanpoan, Etxeberria IVrekin, nahiz eta ligaxkako atzelari onena izan den. Izan ere, aurrelari eta atzelari onenaren saria emango dute aurten, eta sailkapen horretan, egindako tantoak eta huts egiteak kontutan hartuta, aurreneko postuan dago Barrenetxea: 31 puntu dauzka, eta Ion bigarrenak 20 puntu dauzka. Ia ezinezkoa dauka saria lortzea, noski, partidu gehiago jokatuko ez dituelako.
Aurrelarietan, berriz, Urriza dago lider, 62 punturekin. Utergak 57 puntu dauzka.