Bidasoa eta Baztan bailaretan, usoak lagun

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 9a, 01:00

Mendiriz mendi
Pirinioetako bidea den GR-11 bidearen bigarren etapa osatzeko proposamena egiten du oraingoan Mendiriz Mendik, abenduaren 17rako.
Lehenengo etapan Gipuz­koa eta Nafarroako lurretan ibili ziren. Oraingo honetan, eta ia etapa guztiak amaitu artean, Nafarroako lurretan ibiltzeko aukera izango da; zehazki, Bidasoa eta Baztan bailaretan.

Usoen bailara
Mendebaldeko Pirinioak oso toki aproposa dira hegaztiek Europan barrena egiten duten migrazioa arretaz ikusteko eta aztertzeko. Udazkenean he­gaz­ti pasa izugarria izaten da eta Lindus, Lizarrieta eta Organbidexka inguruko pasabideen orografia-ezaugarriek eraginda, lepo horiek leku ezin hobeak dira Europako hegazti harraparien eta migratzaileen ikerketa egiteko.
Lepo horiek Bide atlantikoetako migrazio-hegaztien be­ha­keta, Lindus proiektuan ba­rru­an daude. Proiektuak bi mailatan lan egiten du. Le­he­na arlo zientifikoan  eta bigarrena gizarte arloan. Le­he­nen­go atalean eginiko lanak be­haketarako eta datu zientifikoak erregistratzeko balio du. Bigarrenaren helburua hegaztiei behatzeko kultura lantzea eta ingurua ezagu­tzeko jarduerak garatzea da.
Udazkenero, iparrak edo ekialdeko haizeak jotzen dutenean, Etxalarko zeruan barrena milaka uso pasatzen dira mendi gainetik. Duela 800 urte inguru, artzain batek usoei harriak botatzeko ohitura hartu zuen. Usoak jaisten zirela ikustean, hegaztiak harrapatzeko, apaiz batek sa­reak jartzeko esan zion. Eta horrela sortu zen ehizatzeko modu berezi hori. Iberiar penintsulan bakarra da, eta ha­rrez geroztik egiten da he­rrian. Historian zehar luxuzko ikusleak izan dira ehiza horretan, hala nola Napoleon III.a, Alfontso XII.a eta XIII.a. Gaur egun, Kultura-ondasun izendatuta dago. Jarduera hau ikusteko eta ezagutzeko izaten da bisita gidatuak egiteko aukera.

Beratik hasita, Santa Barbara
Bera herritik Ibardin aldera doan errepidea hartu eta metro batzuk aurrerago errotonda bat dago. Bertan GR-11 bidea markatzen duten panel batzuk daude. Eskuinera egin eta Labeaga ikastola alboan jaiotzen den asfaltatutako pis­ta hartu behar da. Baserrien artean bideak gora egiten du. Iturri bat pasa ondoren eskuineko pista hartu eta porlanezko beste pista batera irteten da. Bideari jarraituz Santa Barbara gailurrera iristen da. Bertan Taillon mendian hil ziren hiru mendizaleen omenez oroigarri bat dago.
Gailur-lerroari jarraituz Meakako lepora hurbildu behar da. Bertan pinu artetik gora doan pista hartu eta bideak Sorokogañan uzten gaitu. Bertatik, soro artetik, Idoia lepora jaitsi behar da. Markak jarraituz pista eta bidezidor desberdinetatik putzu batera hurbilduko gara. Zertxobait aurrerago dagoen bideguru­tzean eskuinera egin eta Usa­te­gietako bideari jarraitu be­har zaio Lizarrietako mendatera iritsi arte. Bertan edariak eta oinarrizko produktuak erosteko aukera ematen duen benta dago.

Lepoz lepo, Elizondora
Sara eta Etxalar batzen dituen errepidea gurutzatu eta pistatik jarraitu behar da gero, Xorilepoko lepora iritsi arte. Pista utzi eta, hego-eki aldera eginez, Usotegietara jaisten den bidea jarraitu behar da. Bideak Lakain lepora eramaten du. Zertxobait aurrerago, bide zabal batekin egiten da topo.  Bidetik jaitsi eta Arga­ra­te erreka igaro ondoren Ma­ri­to­neako baserrira iristen da. Bertan iturria dago. Bideak hego alde jarraitzen du, Elordi lepora igotzen da eta ondoren, ezkerrera eginez, Iraza lepora jaisten da. Bertan Urtsumiatza lepora eramaten duen pista hartzen da. Bideak  gora eta behera egiten du eta hainbat lepo zeharkatu ondoren (Gai­ne­ko Soroa, Also, Eskisaroi) aldapak gogor egiten du gora. Atxuela eta Arburu gailurrak beraien mendebaldetik inguratuz Atxuela lepora iritsiko gara. Lepo honetara bide ugari iristen dira. Guk nagusiena hartuko dugu eta Iñaberri leporaino jarraituko dugu. Hemendik aurrera bideak behera egiten du. Bagordi izeneko eremutik pasatuko gara. Bertan mahaiak eta iturria aurkituko ditugu. Jaisten jarraituz berehala gara ibilbidearen amaiera den Elizondo herrian.

 

GR-11ren BIGARREN ETAPA:
BERA-ELIZONDO
z Non kokatzen da: Nafarroan.
z Luzera: 30 km
z Denbora: 8-9 ordu
z Desnibel metatua: 1.250m gorantz eta 1.150m beherantz.
z Zailtasuna: Zailtasun
berezirik gabekoa. Ibilbide luzea denez, egoera fisiko onean egotea gomendatzen da.
z Beharrezko materiala:
Mendiko material arrunta.
z Mendiriz Mendik
abenduaren 17an egingo du
irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!