Aurreneko itzuliko azkeneko partidua izango du igandean, Ohorezko Mailako Hernanik, Landaren. Hain zuzen, bigarren euskal derbia izango du jarraian, eta etxean hartuko du Getxo Artea taldea, eguerdiko 12:00etatik aurrera.
Irabazi beharreko partidua
Parez pare lehiatuko dira bi talde euskaldunak; izan ere, azkenaurrenak dira hernaniarrak, Ohorezko Mailako Ligan, eta azkenak, ordea, bizkaitarrak. Hain justu, bi partidu irabazita zelaieratuko dira etxekoak, eta kanpotarrek, aurreko astean irabazi zuten aurrenekoz, Bartzelonaren kontra.
Izan ere, aldaketa batzurekin datoz Getxokoak Hernanira; Ligaren hasiera ikusita, fitxaje berriak egin ondoren, indarberrituta baitaude.
Hernanik, aldiz, bi baja izango ditu etzikoan: Igor Genuarena, Selekzioarekin kanpoan dena; eta Mattin Colladorena, lesioagatik.
Udaltzaingoaren oharra
Partidu honetatik aurrera, gainera, aldaketak iragarri ditu Udaltzaingoak. Diotenez, «hainbat ohartarazpen» jaso dituzte kotxeak Landare Toki eraikineko espaloi eta zebrabideetan aparkatuta egoteagatik. Eta ondorioz, hemendik aurrera trafikoaren arautegia erabiliko dute, «eta zigorra jarriko zaio Landare Tokin gaizki aparkatuta dagoen ibilgailu orori».