Gaur irekiko ditu ateak Durangoko liburu eta disken azokak, eta euskal kulturaz zipriztintzeko aukera izango dute euskal herritarrek igandera arte. Berrehun postu baino gehiago bilduko dira Durangoko Landako gunean, eta tartean egongo dira Hernaniko Dobera Euskara Elkartekoa, 111 Akademiarekin elkarbanatuta, baita Hernani Errotzen ere, Nabarralderen postuan.
‘Hesola’ komikia, Doberaren eskutik
Hain zuzen, Artekale 83 zenbakian jarriko du postua Dobera Euskara Elkarteak, eta bertan, azken urteotan argitaratutako lan guztiak aurkitu ahal izango dira. Horrez gain, nobedade batzuk ere izango dituzte, aurreko urtekoarekin konparatuta.
Hesola komikia aurkeztuko du bertan, Lluis Llachen katalanierazko letra, Xabier Leteren euskerazkoa eta Cheij Badiaren arabierazkoarekin osatutako komikia da, hain zuzen. Irudiak, aldiz, Alai Zubimendi hernaniarrak egin ditu.
Horrez gain, aurreneko aldiz eskainiko die herritarrei Oilar Txikia ipuina, etxeko txikientzat egindakoa. Berriro ere, Alai Zubimendiren ilustrazioekin osatutakoa da, Jexux Eizagirreren ipuinarekin. Ipuin hori kontatuko du, Jexux Eizagirre berak, larunbatean, arratsaldeko 18:00etan, azokaren Saguganbaran.
Bestalde, duela hilabete batzuk Iñaki Sanz-Azkue biologoak eta Egoitz Alkorta ingurumen zientzietan lizentziadunak argitaratutako liburua ere, Hernaniko eta inguruetako anfibioak eta narrastiak, bertan salduko dute.
Jexux Eizagirrek ‘Oilar Txikia’ ipuina kontatuko du larunbatean, arratsaldeko 18:00etan, Saguganbara aretoan.
Liburu berria, Beñi Agirrek
Ez da ordea, Hernaniko ordezkaritza bakarra izango. Hernani Errotzenek izango baitu bere lekutxoa Nabarraldeko standean, Artekale 13-14 zenbakietan. Bertan izango da, hain zuzen, Beñi Agirre Gipuzkoako historia nafarra, aurkeztu berri duen liburuarekin.
«Esango nuke lan xume hau Gipuzkoako historia dela, baina beste modu batera kontatua. Antzinarotik Lizarrako 1931ko Euskal Estatu baten Estatutua idatzi zen arteko gertaerak aztertzen dira, gertaera horietako bakoitza ulertzeko behar den testuinguruan jarrita. Betiko bertsio akritikoetatik ihes, zerotik hasi eta narrazio berri bat sortu nahi izan dut. Gu subjektu izango garen historia, alegia», azaldu du Agirrek Durangora joan baino lehen.
Beste nobedade bat ere badakar Hernani Errotzenek; Nabarralderekin batera, Beloaga. Memoriaren behatokia dokumentala estreinatuko dute, hain zuzen, Durangoko Azokan. Oiartzungo gazteluaren inguruko bideoa da; Erdi Aroko Gaztelu nafarra da, berriro ere azaleratzen saiatzen ari direna.