Garin tabernan ez zen arima bat gehiago ere kabitzen, ostiral gauean. Askok atetik kanpora jarraitu zuten XXIV. Tabernetako Bertsolarien Txapelketako finala. Hamabost artista aritu ziren, bereziki, umoretik kantatzen, eta Andriu eta Tturko iritsi ziren finalera. Azken honek jantzi zuen txapela, iazko txapeldunaren, Aitor Barrenetxearen eskutik.
Labadora, kasete eta gailu orgasmiko
Saioa afalondorenean hasi zen. Aurten, aurrenekoz, bi kanporaketa egin dira finalaren aurretik, eta hamabost finalistek gogotsu ekin zioten azken saioari.
Hernaniko Bertso Eskolako kideek umoretik jo zuten gaiak jartzerako orduan, eta adar-jotze ugari izan ziren denen artean. Adibidez, bidaia luze batetik bueltatuta, lanik egiteko gogorik ez zuen labadorak baztertu egin zituen bidaiariaren kulero zikinak. Edota bertsoa osatzeko objektuak banatzean, jokoa eman zuten garai bateko parrandetan dantza erritmoak jartzen zituen kaseteak, telefono zaharrak, denetan orgasmikoena zirudien gailuak, edo zer zen ere ezin jakin, eta izar gorriak bidaltzeko balio zezakeen gailu bereziak ere.
Azkenean, Aiert, Aingeru, Alkorta, Andriu, Barrenetxea, Estitxu, Haritz, Iñigo, Mingo, Notayo, Oxan, Piquer, Tturko eta Xaporen artean, Tturko eta Andriu iritsi ziren buruz burukora.
Markel lagunari eskainitako txapela
Azkenean, 02:00ak joak zirenean, Tturko gazteak jantzi zuen txapela, iazko txapeldunaren, Aitor Barrenetxearen eskutik.
Agurren momentuan, Hernanikoak ez ziren bertsolariek berriro itzultzeko promesa egin zuten; baita Hernanikoek ere! Bestalde, Tturkok, hunkituta, azkar osatzeko opa nahi izan zion Markel lagunari, eta hari eskaini zion txapela.
Bertso eskolako kideek, berriz, eskerrak eman zizkieten 24 urte hauetan parte hartutako bertsolari eta bertsozaleei, Garin tabernari, Udalari, Kronikari eta baita Otsaihen garagardoari ere, urte hauetan txapelketa antolatzen laguntzeagatik eta giro ona jartzeagatik. Azken horren aipamenek puntu gehiago ematen zutela eta, Kronikak ere ez du hutsik egin nahi izan!