Donostiako Sagardo Apuruaren laugarren edizioari gaur emango zaio hasiera, eta horren aurretik, ekintza berezia egin zuten atzo Astigarragan. Idi parea iritsi zen Joseba Barandiaran plazara, gurdian herriko lurretako produktuak zituztela.
Plazan herritarrak izan zituzten zain, eta kalejiran joango ziren beraiekin batera Lizeaga sagardotegiaren parera. Han, Albaolako hizlariak euskaldunon eta itsasoaren arteko loturaz hitz egiten zuen bitartean, otarrak sasoiko produktuekin prestatu, barrika txikiak hartu eta hala, prest utzi zituzten gaur goizean goiz Donostiara jaisteko. Orduan inauguratuko baitute Sagardo Apurua Donostiako Bulebarrean, eta irekita egongo da igandera arte, hilaren 10era arte.
Eguerdian, inaugurazioa
Horrela bada, gaur 11:00etan iritsiko dira sagardoa eta produktuak Frantziako pasealekura, eta 12:30etan inauguratuko dute ofizialki Sagardo Apurua.
Sagardotegi zahar bat berreraikiko da Bulebarrean eta bertan garai bateko sagardotegi-baserri bat irudikatuko da eta uzta berriko sagardoak aurkeztuko dira. Horretarako bertan, sagar eta sagardoaren kulturarekin zerikusia duten hainbat ekitaldi izango dira.