Bi zita berezi izango dira gaur, musika eta dantzari dagokienez, Hernanin; biak ere, eguerdian. Gazteen Dantza Suelto Txapelketa izango da aurrenekoa, 12:00etan hasita. Plaza Berrin zen egitekoa berez, baina litekeena da Biterin izatea, euria espero da eta.
Kriskitina dantza taldeak antolatuta, 12 bikote etorriko dira, Gasteiz, Azkoitia, Errezil, Azpeitia, Lezo, Villabona eta Adunatik, 23garren edizio honetara. Bikote bakoitzak, fandango eta arin-arin bana dantzatu beharko du, Beñat Luluaga eta Aitzol Txapartegi trikitilarien erritmora.
Txistularien saio berezia, udaletxeko arkupeetan
Saio berezia dute gaurkoa, ‘Hernani’ Musika Eskolako txistulariek ere. Udaletxeko arkupeetan eskainiko dute kontzertua, 12:30etan, bi ospakizun tarteko: Euskal Herriko Txistulari Elkartearen 90garren urteurrena; eta Euskeraren Eguna. Hori horrela, programa berezia prestatu dute, elkartearen partiturekin, eta euskerari eskainitako doinuekin.