Emozioz beteta, eta ikusleen txalo zaparrada haundiarekin, jaso zuen albistea Unai Agirrek: ondo merezita izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren final haundian, Barakaldoko BECen. Izugarria egin zuen hernaniarrak, zaila zeukan zortzigarren txartel hori eskuratzeko!
Bere estiloari fidel eta umoreari eskutik helduta, ariketa guztietan eman zuen maila ederra Agirrek, Iruñan. Kartzelakoan, momentuari egin zion erreferentzia: kartzelatik ateratzeko beldur zela, oholtzara igo nahi ez zuela eta. Bera izan zen kantatzen azkena, eta azkeneko ariketa hori bezala, saio osoan zehar egindakoa txalotu zioten ikusleek, bukaeran.
Azkenean, 696 puntu jaso zituen hernaniarrak, eta finaleko bigarren hernaniarra izango da, Maialen Lujanbiorekin batera; guztira, Hernaniko Bertso Eskolako lau kide.
Izan ere, Unai Agirrerekin batera egin zuen finalerako bidaia atzo, parapentean, Aitor Mendiluze andoaindarrak.
Puntutan elkarrekin aritu ziren, parapentean zijoazen bi lagunen paperean, biak maisu; eta hori ekarri zuen gogora Mendiluzek azken agurrean, esanez gustora joango dela berarekin berriro, parapentean, BECeko final horretan.
Andoaindarrak 695,5 puntu lortu zituen, eta espero bezala, finalerako txartela lortu zuen, Aitor Sarriegi atzoko irabazlearekin batera (698,5).
Abenduaren 17an ariko diren beste lauak dira, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Amets Arzallus.