Egun berezia da gaurkoa, Euskeraren Eguna. Eta euskerak koxka bat gora egin dezan, gehiago erabili dadin, erronka bota zien atzo, Euskara Ari Du elkarteak, hernaniarrei; iazko indar probaren esperientziari eutsi, eta pauso bat gehiago ematea: euskeraz egiten ez duten bizitzaren esparru bat aukeratu behar dute, hizkuntza ohitura aldatu, eta euskeraz egin, urtebetez eutsiz horri.
Sei lagunek aurkeztu zuten egitasmoa, Tilosetan: «Hernaniko mapa soziolinguistikoan eragin nahi dugu, nork bere saiakeratik, mingain eta belarrietatik. Hernaniko kaleetan euskera entzun nahi dugu, oso zaila baita entzuten ez den hizkuntza bat ikastea. Konturatuko gara ohiturak aldatu daitezkeela, badakigulako ohiturak aldatzeko gakoa denbora dela», azaldu zuten.
2018arekin, martxan
Urte berriarekin batera hasiko da erronka, eta otsailean, 100 lagunek helduko diote desafioari; hortik aurrera, partehartzaileak gehituko dira hilero.
Bakoitzak aukeratuko dio neurria bere erronkari: «batzuek bizitzako eremu guztietan aldatuko dute hizkuntza ohitura; beste batzuek, lagun baten harremanera mugatuko dute. Jolas izaera izango du, ondo pasa eta barre egin nahi dugu. Horixe da erronkaren tonua».
Inmakulada ikastetxeak, bere aldetik, jakinarazi du ostiralean ospatu zuela Euskeraren Eguna: euskeraren aldeko leloekin muralak, kanta eta dantzak, zine foruma...