Pleno eztabaidatsua izan zen asteazkenekoa Astigarragako udal ordezkarientzat, hasiera-hasieratik. Bigarren puntutik sortu ziren tirabirak, datorren urteko Ordenantza Fiskalaren eztabaidatik, eta azkeneko punturaino luzatu ziren.
«Ia tasa eta zerga guztiak mantentzen dira»
Aurreko Plenoko akta onartu ondoren, bigarren puntua eztabaidatzeari ekin zioten, 2018ko Zerga Ordenantzei zegokiena. Hasteko, Jon Martin ogasun zinegotziak azaldu zuen mugimenduen ildoa: «ia tasa eta zerga guztiak mantentzen dira».
Zorione Etxezarragak azaldu zuen, hiru hemendakin izan direla: udal teknikariena, taxi zerbitzuarena eta EH Bildurena. Eta horiek, puntuka bozkatu zituzten, EH Bilduko bozeramaile Andoni Gartziak eskatuta. Izan ere, Gartziak azaldu zuen, Ordenantzarekin hainbat zalantza zituztela: «eskatu dugu guraso bat eta seme-alaba batek osatzen duten familiek hobariak izatea; eta baita ere, etxe hutsei dagokien IBIa igotzea». Eta kultur ekitaldien sarreren igoerarekin ere ados ez zeudela adierazi zuen: «haurren ekitaldietan, gurasoek 5 euro ordaindu beharko dituzte, eta lehen, haur eta helduek 2,5 euro ordaintzen zituzten. Aukera gutxiago izango dute haur horiek ekitaldietara joateko».
Gai horretan, Urkiri Salaberria kultura zinegotziarekin eztabaida estua izan zuen oposizioko buruak. «Erabakia da haurrek beti erdia ordainduko dutela», adierazi zuen Salaberriak.
Dena den, alegazio bat txertatu eta behin behineko onartu zituzten 2019ko Zerga Ordenantzak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin.
Ergobiako Hirigintza hitzarmena ere eztabaidatsua izan zen, batez ere, hotel eta bulego bat eraikitzeak herriko euskeraren osasunean izan dezakeen eraginagatik: «Soziolinguistika Klusterraren arabera, azkeneko 5 urtetan, ez da ikusi inpaktu negatiborik», esan zuen Etxezarragak. Gartziak erantzun zion, ordea: «errealitatea denok ezagutzen dugu, eta kalean egon besterik ez dago».
Mozioetan ere, eztabaida nagusi
Hamazazpi gaietatik, zortzi izan ziren mozioei zegozkienak; horietatik bost EH Bilduk aurkeztutakoak; beste bi, EAJrenak, eta bakarra, PSE-EErena. Bertan ere, tirabirak eta eztabaida izan ziren nagusi, bereziki, etxez etxeko laguntzari, Garraio-Hiriari eta autobus publikoen murrizketei zegokienean.
EH Bilduk EAJ eta PSE-EEren Diputazioko gobernuari egotzi zion etxez etxeko laguntzari dagokion laguntzetan murrizketa; Etxezarraga alkateak erantzun zion, «Bilduk hasi zituela murrizketak, eta orain, gure konpromisoari jarraituz, ari gara Udal Aurrekontura begira gaia lantzen». Honen inguruan, eta PSE-EEren laguntzarekin, EAJren mozioa onartu zuten.
Gauza bera gertatu zen Garraio-Hiriaren gaiarekin; eta ildo beretik, EAJk babestu zuen PSE-EEren autobusen murrizketen kontrako mozioa. Gainera, azaldu zuen, Udaletik bilera egin dela Foru Aldundiarekin, eta bertan konpromisoa hartu dutela «nahiz eta aurreproiektuan ez azaldu, zerbitzua mantendu egingo dela, errefortzuak eta bereziak, barne».
Lau puntu, aho batez
Nahiz eta Pleno eztabaidatsua izan, denon babesa jaso zuten lau gaik: Trafiko Zuzendaritza Nagusiarekin eta Eudel-Notariotzaren Kontseilu Nagusia-Euskal Herriko Notario elkargoarekin egindako bi hitzarmenak, Udaltzaingoaren arautegiaren aldaketa eta Ergobiako kale-izendegiaren aldaketa.