4,19ko puntuazioa Sagardo Plazak, EH Bilduk herritarrei egindako inkestaren emaitza

Kronika - Erredakzioa 2018ko ots. 17a, 01:00

Sagardo Plazaren lanak buka­tzen ari direla-eta, herritarren iritzia jaso nahi izan du EH Bilduk. Horretarako, inkesta­txoa egin du, sei egunetan mar­txan egon dena.  

Denera, 158 herritarrek hartu dute parte, eta batez beste, 4,19ko puntuazioa eman diote birmoldaketari. 

Aurreko legealditik datorrena
Prentsa-ohar bidez azaldu du­tenaren arabera, aurreko legealditik datorren kontua da Sagardo Plazarena: «aurreko legealdian, behin Merkataritza Biziberritzeko Plana egin ostean, Sagardo Plazaren birmoldaketa zen lehenetariko etxeko lana». Horretarako, diote, «EH Bilduk 2016ko aurrekontuei 252.000 euroko emendakina aurkeztu zien; EAJk 30.000 euro besterik ez zituen onartu».  

Ondorioz, «EH Bilduren as­mo­etatik oso urruti geratu da eta proiektuak zituen gabezia nabarmenak aurreikusiz, Sa­gar­do Plazaren proiektua onar­tzerakoan EH Bildu abstenitu egin zen». 

Alderdi abertzalearen ustez, «EAJk ez dio herriaren bizitzarako giltzarria den plazari merezitako arreta eman eta emaitzetan nabari da. Herritar eta auzotarrak benetan entzutea besterik ez zuten». Izan ere, «EH Bilduk eskatuta, EAJk auzotarrekin batzarra egin zuen, baina han esandako asko ez ditu kontuan izan eta horregatik herritarren asebetetzea ez da esperotakoa izan. Gainera, ridikulua izan da udalaren par­te-hartze prozesua. Herritarren erabakimena parkea estali edo ez eta aurretik diseinatutako 3 jolas parkeren artean aukera­tzera mugatu du». Horregatik salatu du, «egitasmo hau adar jotze eta itxurakeria hutsa izan dela».

Inkesta, kezka hauek ikusita
Hori ikusita, inkesta egitea erabaki zuen EH Bilduk; 158 partehartzaile izan dituena: «plazako lurraren inguruan galdetzen zen eta %70,25ak lurra desegokia dela ondorioztatu du. Jolas parkea non kokatu behar zen galdetuta, %78,48ak jolas parkeak erdian egon behar duela esan du. Parte-hartu duten herritarrek 4,19 puntu eman diote (1 eta 10 artean) birmoldaketa lanari eta %62ak birmoldaketari 4 puntu edo gutxiago eman dio». Nabarmendu dute, baita ere, plazan sortzen den zarataren kezka azalduta, neurriak eskatuko dituztela. 

Horiek kontuan hartzeko lanean jarriko dela adierazi du udal taldeak: «Sagardo Plazaren birmoldaketa bere horretan gera ez dadin eta herritarren asebetetzea areagotzeko proposamenak landuko ditu EH Bil­duk. eta EAJri eskatzen dio, Sa­gardo Plazarekin gertatu dena, Emakumeon Plazarekin gerta ez dadila». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!