Aurreko astean iragarri zuen Hauser & Wirth galeria suitzarrak Chillida familiarekin akordioa ixten ari zela Hernaniko Chillida Leku museoa berriro ere irekitzeko. Izan ere, 2011tik publiko orokorrarentzat ateak itxita zituen, eta hitzordu bidez bakarrik bisitatu zitekeen.
Hortaz, akordio honekin egoera honi buelta emango zaio, eta arte galeriak dioen bezala, «Hauser & Wirthen laguntza eta gidaritzari esker, 2018an irekiko ditu ateak berriro ere publiko orokorrarentzat, Eduardo Chillidaren lanaren inguruan ikasi eta esperimentatzeko baliabide gisa».
Azaldu dute oraindik akordioaren xehetasunak itxi gabe daudela, eta gehiago zehazten dituztenean emango dutela horien guztien berri. Dena den, aurreratu dute arte galeria suitzarra izango dela «Eduardo Chillidaren obra guztiaren ordezkaria mundu osoan», eta Chillida Lekuk «eredu iraunkor eta jasangarria» izango duela.
«Eragin positiboa izango du gure herrian»
Urteak zeramakizkien Chillida familiak erakunde publikoekin negoziatzen museoa berriro ere irekitzeko aukera, Luis Chillida semeak 2016ko urtarrilean Kronikari adierazi bezala, baina ez zuten akordioa ixtea lortu.
Azken urteotan erakundeek Chillida Leku irekitzeko nahia plazaratu dute, eta beraz, albistea positiboki baloratu dute.
Horietako bat izan da Foru Aldundia; balorazioa Denis Itxaso diputatuaren bidez egin duena: «Gipuzkoarentzat eta Euskadirentzat albiste bikaina da». Izan ere, «Chillida Leku lehen-lehen mailako ondare kulturala eta turistikoa da, eta ez zen inoiz utzi behar aprobetxatu gabe».
Hori dela eta, elkarlanerako gonbitea egin du: «Chillida Lekuren kudeatzaile berriekin elkarlanean arituko gara, museoaren berrirekiera ardatz hartuz Explore San Sebastián Regionen sustapen turistiko internazionalerako».
Ildo beretik egin du balorazioa Bingen Zupiria kultura eta hizkuntza politika kontseilariak: «Eusko Jaurlaritzak, beti egin duen bezala, bere esku dagoen guztia egingo du operazio hori aurrera atera dadin. Hori gertatzen bada, Chillida Leku izango dugu Gipuzkoan, Guggenheim eta Arte Ederren Museoa izango ditugu Bizkaian, eta Araban Artium Museoa izango dugu. Lehen mailako erakustoki bat izango dugu kulturarentzat eta gure artea mundu mailara zabaltzeko».
Baita Hernaniko Udalak ere: «Chillida-Leku euskal artearen eta kulturaren erreferentea da mundu osoan. Museoa irekita egon zen urteetan, urtero milaka bisitari jasotzen zuen. Seguru gaude museoa berriz irekitzen dutenean, eragin positiboa izango duela gure herrian, kulturarekin lotutako turismoa bultzatzeko baliagarria izango baita». Eta bide horretan, diote: «Bisitari horiek herrigunera erakartzeko lan egingo dugu». Izan ere, «Hernanik, Chillida Lekuz gain, ondare historikoa, kulturala, gastronomikoa eta nortasuna ere eskainiko dizkie kanpoko bisitariei».