Datorren asteazkenean piztuko dituzte Astigarragako Gabonetako argiak, eta kaleak Gabonetan zehar apainduz egongo dira hilabetez, urtarrilaren 7ra arte. Hala erabaki zuten udal ordezkariek, hain zuzen, Obra eta Zerbitzuen Batzordean aurreko astean.
Beste hainbat gai, mahai gainean
Hori ez da, ordea, Batzorde horretan landutako gai bakarra. Alde batetik, Portutxoko rotondan bi lan egingo dira: batetik, berriro ere pintatuko da bertako zebra-bidea, eta bestetik, beste zebra-bide bat egingo da txakurrentzako parkera sartu ahal izateko.
Bestalde, Santio Zeharreko aldapa berriro ere seinalizatuko dute, aldapa haundiena dagoen puntuan, Rezola eta Ipintza sagardotegiak pasata, Santiomendiko auzora igotzen direnentzat lehentasuna emateko.
Azkenik, Udalak jakinarazi du Obra eta Zerbitzuen Batzordea lanean ari dela Urumea kalean motorrentzako aparkamendu bat sortzeko.