Azaroaren 23an aurkeztu dute, Bilboko Arriaga Antzokian, Euskaraldia ekimena. Eta egun hori aukeratu da aurkezpenerako, hain zuzen, datorren urtean, egun horrekin jarriko delako martxan aurreneko Euskaraldia. Helburua izango du euskeraren lurralde osoan euskeraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrek ohitura hori, euskera erabiltzearena, hartzea, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra; 11 egun euskaraz izango da aurreneko edizio horren leloa.
Elkarlana sustatzeko atea zabalik, entitate eta eragile guztiei
Ekimena, aurreneko edizioa egin baino urtebete lehenago aurkeztu da, ahalik eta entitate gehienek ekimenarekin bat egin dezaten, eta denen artean elkarlanean aritzeko. Hain zuzen, Arrate Illaro, Euskaltzaleen Topaguneako kideak eta Euskaraldiaren koordinatzaileak aurkezpenean halaxe azaldu zuen: «euskeraren sustapenean lanean ari garen entitateen, bestelako alorretan ari diren entitate euskaltzaleen eta herritar euskaltzaleen artean gauzatuko dugu Euskaraldia».
Aurkezpenean izan ziren baita ere Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua; Elena Lana, Euskaltzaleen Topaguneako lehendakaria; Paul Bilbao, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia; Naiara Mujika, Lasarteko Ttakun elkarteko kidea; Beñat Arrabit, Euskararen Erakunde Publikoko presidentea eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikaren arduraduna. Baina asmoa da ahalik eta entitate gehienek bat egitea ekimenarekin. Horregatik, atea irekita egongo da bat egin nahi duenarentzat.
Ekimena Euskal Herri osoan egingo da, baina tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, tokian tokiko errealitate soziolinguistikora egokitu ahal izateko. Era berean, Euskal Herritik kanpoko euskal hiztunen komunitateetan ere jarri ahal izango da martxan ekimena. Hauek guztiek, 2018ko aurreneko hiruhilekoan izango dute aukera izena emateko. Dagoeneko, 40 herritatik gora badira, parte hartzen ari direnak, eta beste hainbatetan ari dira aktibazio ekimenak sortzen, Euskarak 365 egun dinamikaren barruan.
‘Ahobizi’ eta ‘Belarriprest’, nahi duenak parte hartzeko
Helburua, ordea, euskera erabiltzeko ohitura areagotzea izango da, eta, beraz, herritarrak izango dira protagonista.
Parte hartu nahi duten herritarrek 2018ko udazkenean, irailetik aurrera, izango dute aukera Euskaraldia ekimenean izena emateko, eta parte hartzeko bi moduetako bat aukeratu beharko dute: Ahobizi edo Belarriprest.
Ahobizi egiten direnen kasuan, haien ardura izango da euskeraz hitz egitea, ulertzeko gai diren guztiekin, nahiz eta gero, erantzuna erdaraz jaso. Belarriprest izateko izena ematen dutenek, berriz, berarekin euskeraz egiteko gonbidapena egingo diete, gero, kasu guztietan behintzat, euskeraz erantzungo ez badute ere.
Leloarekin bat eginez, 11 egun iraungo du erronkak, eta 16 urtetik gorako herritarrek hartu ahal izango dute parte.
Urumean, euskera dabil dantzan
Euskaraldia datorren urtean jarriko da martxan, baina, esan bezala, dagoeneko hasi dira hainbat herritan euskeraren erabilera sustatzeko ekimenak martxan jartzen.
Astigarragan, larunbatean hasi zuten 100 da 100... 200 ordu euskaraz! eta bihar bukatuko dute, partehartzaileen argazkiekin mural bat osatuz.
Hernanin, bestalde, gaur bertan aurkeztuko dute, 12:30etan Tilosetan (euria eginez gero, Milagrosan), datorren urtera begira martxan jarri nahi den erronka: urtebetez, hizkuntza ohiturak aldatzeko desafioa botako zaie herritarrei.
Nafarroa aldean ere, Goizuetak, bat egin du Euskaraldia ekimenarekin, eta zein ekintza egingo diren oraindik zehaztu ez bada ere, pixkanaka hainbat ekitaldi antolatzeko asmoa azaldu dute.
Ekimen hauek guztiek Euskaraldia martxan jartzeko balioko dute, baina lehendik ere ari dira hainbat tokitan indarrak batzen. Azken urteetan, Euskararen Egunaren bueltan, Euskarak 365 egun dinamika sortu da, bi helbururekin, eta helburu horiek konpartituko dituzte hemendik aurrerako ekimen guztiek ere: batetik, hiztunen hizkuntza ohituretan eragin eta beraien arteko harremanetan euskera gehiago erabiltzea, eta bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren alde, 2019rako mota guztietako entitate eta pertsonek babesa adieraztea.
AHOBIZI
Euskaraz egingo die Ahobizik Belarriprestei eta ulertzeko gai diren guztiei, haiek erdaraz erantzun arren. Era berean, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die. Identifikatzeko, goiko irudian agertzne den moduko txapa eramango du.
BELARRIPREST
Belarriprest denak dakinerai berarekin euskaraz aritzeko gonbita egingo dio, hark euskaraz zein erdaraz ewrnatzun arren. Identifikaziorako, goiko irduian agertzen den moduko txapa eramang dute, ahobizi direnek jakin dezaten belarriprest dela.