«Inertziak apurtu nahi genituzke harremanetan modu berriak sortuta»

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 2a, 01:00

Euskaraldiaren koordinatzaile eta Euskaltzaleen Topaguneako kide da Arrate Illaro getxotarra. 11 egun eus­ka­raz izena hartuko du 2018an Eus­ka­raldiak. Helburua euskararen erabilera bultzatzea da. Euskaltzaleen Topagunea da dinamikaren sustatzaileetako bat.

Euskaraldia. Zer da eta zein da abiapuntua? 
Euskarak 365 egun dinamikaren barruan kokatzen den dinamika da Euskaraldia. Helburua da hizkuntza ohiturak alda­tzea, euskararen erabilera areagotzea, euskaltzaleak aktibatuta.
 
Nola lortuko da hori? 
Oinarrian daude pertsonen urratsak, norbanakoenak. Egunerokoan euskara erabil dezaten, 11 egun euskaraz dina­mika sortu da 2018ra begira. 2019an en­titateen babes neurriak ikusarazi gura ditugu. 

Zertarako?
Pertsonek egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko baldintza egokiak izateko.
 
Euskaraldia, 11 egun euskaraz izaerarekin etorriko da datorren urtean. 
Hamaika eguneko dinamika izango da. Hain zuzen ere, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean aktibatuko ditugu euskal herritarrak. Euren egunerokoan euskera gehiago egiteko dinamika bat izango da. 

«Helburua da ohiturak aldatzea, eta euskararen erabilera areagotzea»

Nola lortuko da hori? 
Bi rol sortuko ditugu: batetik, egongo dira ahobiziak. Horiek izango dira euskeraz egingo dietenak euskaraz ulertzen duten guztiei, baita ezezagunei ere. Lehen berba beti izango da euskaraz. Besteak ulertzen badu, jarraituko dute euskaraz, noski. Eta beste rola da belarriprest deritzona. Identifikazio edo txapa baten bidez adieraziko diete gainontzekoei beraiekin euskaraz egin dezaketela. Belarriprestek, gutxienez, ulertzen dute euskera, hitz egin, zein ez. 

Aktibazio ekimenak, baina, martxan daude dagoeneko... 
Azken bi urteetan aktibazio ekimen asko egin dira Euskal Herrian, eta Euskaraldia, hain zuzen ere, hori da, aktibazio dinamika horiek hedatzea. Hau herrietan sortu den ekimena da, eta herriek egingo dute. Gu saiatuko gara baldintzak eskaintzen eta hedatzen ahalik eta gehien, baina herrietako lana ezinbestekoa izango da.  

Zergatik eragin, orain, hizkuntza portaeretan? 
Momentua delako inertziak apurtzeko, inflexio-puntu batean gaudelako. Izan ere, neurketek 2011n eta 2016an geldialdi bat erakutsi zuten euskeraren erabilerari dagokionez, eta hortik ondorioztatu zen baldintzak aldatu beharra zegoela erabilera bultzatzeko. Inertziak apurtu nahi genituzke harremanetan modu berriak sortuta eta inertziak apurtu nahi genituzke lan egiteko moduan, planteatu dugulako elkarlanean lan egitea, bai koordinazio orokorrean, bai eta herriz herrikako dinamiketan. 

«Ahalik eta herri gehienetara heltzea da asmoa, eta, batez ere, ahalik eta ondoen»

Ez da erronka makala, baina baldintzak onak dira? 
Oinarria ona da. Alde batetik, euskeraz bizi gura duen jende asko baitago, determinazio hori duena eta hizkuntza ulertzen duen jende asko dago. Beraz, baldintzak baditugu orain egiten duguna baino gehiago egiteko. Horretarako, ahal­dundu egin behar dugu, eta for­ma­kun­tza eskainiko dugu, eta aholkuak za­bal­du eta landuko ditugu. Helburua da ha­maika egun horietan ahobizi eta belarriprest izateko tresnak izatea. Har de­zagun denbora eta presta gaitezen hel­buruari erantzuteko, eta hama­bi­ga­rren egunean ere, abenduaren 4an, elkarrizketa horiei eusteko. 

Orain arteko esperientziek emaitza onak eman dituzte? 
Alde batetik, ilusioa nabari da eta aktibazio dinamikak egin dituzten herriek ondorioztatu dute, batetik, uste baino jende gehiagok izan duela interesa eta fruituak ematen dituela edo, nolabait, emaitzak ikusten direla. Ikerketa zehatzena Lasartekoa da, eta ikerketak esaten du dinamika bukatu eta hiru hilabetera ere igoera zegoela euskararen erabileran. 

Koordinazio mahai bat badago osatuta. 
Bertan gaude Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Eus­ka­ra­bi­dea eta Iparraldeko Herri Elkargoa, eta gu­re lana izango da herriei baliabideak es­kaintzea, ez daitezen hutsetik abiatu eta ahalik eta errazen egin dezaten lan. Eus­kal Herri osoan egingo den dinamika bat izanik, ahalik eta modu orde­na­tu­e­ne­an egitea da asmoa. Horretarako, kro­no­gra­ma proposamena egin dugu, mol­da­garria de­na. Kudeaketarako balia­bi­de­ak sortzen ari gara, eta sortuko ditugu. Ko­mu­ni­ka­zi­o­rako irudi eta marka ba­te­ra­tua egin du­gu eta kartelak egin ditugu. Ko­­­mu­ni­ka­ziorako gida bat egongo da, for­­makuntza eskaintza bat egongo da, eta abar. Tresnak ematea izango da gure lana. 

Sustatzaile sare bat ere sortu duzue. 
Bai, eta bertan daude herriz gaindiko era­gi­leak, ekimenean parte hartu gura du­te­nak: euskalgintza zuzeneko bultza­tzai­le­ak, EAEko aldundiak, Eudel eta Uema ere bai. Gainera, dei egingo diegu eus­kararekiko ardura duten entitateei ere. Denon artean egingo dugu zabalkundea. 

Euskal Herriko zazpi lurraldeetan egingo da. 
Hori da asmoa, nahiz eta guk ez ditugun herriak martxan ipiniko. Herriak izango dira hau martxan ipiniko dutenak. Zerbait progresiboa izatea gura dugu, eta asmoa ez da datorren urtean Euskal Herriko herri guztietan martxan egotea, baizik eta ahalik eta gehienetara heltzea, eta, batez ere, ahalik eta ondoen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!