Martxan izango da berriro, sei urtez publikoari itxita egon ondoren, Chillida-Leku museoa. 2018 urteko bigarren erdian zabalduko ditu ateak, horretarako akordioa lortu baitu artistaren familiak, Hauser & Wirth galeria suitzarrarekin. Azken hori arduratuko da, aurrerantzean, museoa kudeatu eta Eduardo Chillidaren obra munduan ezagutarazteaz.
Bi aldeak pozik azaldu dira akordioarekin, baina oraindik ez dituzte zehaztuko nondik norako guztiak, akordioaren azken xehetasunak finkatu arte.
Edozein kasutan, Hausen & Wirthek bere konpromisoa azaldu du, Chillida-Lekurentzat «eredu jasangarri bat garatzeko, erakusketa tenporalekin, Chillidaren obra beste hainbat artista haundiren parean jarriko duena». Horietako bat, New Yorken izango da, Hausen & Wirthen galerian.