Iazko Hernani Erabaki prozesuan aukeratutako proposamenari erantzunez, iturri gehiago jartzen ari da Udala. Eta oraingoan, iturri berri bana jarri du Sorgintxulo auzoan eta Gartzia Goldaraz kalean.
Sorgintxulon ez zegoen iturririk orain arte, eta bertako auzo elkarteak hala eskatuta, dagoeneko jarri dute udal langileek. Aurretik, ur hornidura sarea eta saneamendukoa aztertu zuten, eta teknikoki bideragarria izateaz gain, «kostu gutxien zuen tokian jartzea» erabaki zuten; 3.240 euro izan dira.
Txakurrentzako bigarrena, Gartzia Goldarazen
Gartzia Goldarazekoa, berriz, berezia izango da: txakurrentzako egokitutako iturria da; ezaugarri horiekin bigarrena, Iturmendin jarri zuten aurrenekoa. Iturria jartzeko, lorategian zolarri bat sortu zuten, eta bertan jarri zuten iturria, espaloia estutu behar izan gabe. 5.790 euro kostatu da.