Guztira 41 partidu jokatuko dituzte, asteburu honetan, pelotari hernaniarrek. Gipuzkoako Txapelketakoak izango dira gehienak, 33 partidu; eta gaur bertan jokatuko dituzte partidu garrantzitsuak.
Markel Lizeaga seniorrak, ligaxkako azkeneko partidua jokatuko du, 20:00etan Lezon, Aranbururen kontra; irabaziz gero, azken fasera pasako da.
Unax Uitzi kadetea, berriz, Azpeitian ariko da, 20:30etan; eta egoera berean dago: irabazita, azken fasera.
Aldiz, azken faseko aurreneko kanporaketa izango dute infantil eta alebinek: Oier Alegria, Julen Deskarga, Unax Manterola eta Unai Etxarri infantilek, eta Xuban Iturbe eta Aiur Elizazu alebinek.
Asteburu honetan hasiko da, gainera, Gipuzkoako Trinkete Txapelketa, eskuz banaka; eta bertan ariko dira bederatzi pelotari hernaniar.