Maialen Lujanbio aurretik zela, txaloka hartu zituzten kazetariek, zortzi finalistak, ondorengo prentsaurrekoan. Denak ere nekatuta, hitz egiteko baino atsedenerako zeuden. Hala ere, Maialen Lujanbio txapeldunak hartu zuen lehendabizi hitza, eta «txapela hau lan gogor baten emaitza» dela esan zuen. Eta ez da gutxiagorako. Unai Agirrek ere finalaren gogortasuna azpimarratu zuen: «goizeko saioa amaituta dutxa bat eta guzti hartu behar izan dut». Hala ere, denek gozatu zuten, taldeko giroa azpimarratuz.
Saioaren inguruan, Maialen ez zen gauza, edo behintzat ez zuen bere burua egokiena ikusten, hori baloratzeko garaian. «Bertsotan ari garenak, ez gara egokienak izaten horretarako. Nik asko gozatu dut eta saioa niretzako izugarria izan da, ederra; eta orokorrean, saioa maila onekoa izan dela uste dut».
Iritzi berekoa zen Mendiluze: «ondo joan da». Eta batez ere jendearen jarrera eta emozioa goraipatu zituen andoaindarrak: «oso mimatuta sentitu gara. Talde bezala, bai antolakuntzatik eta publiko aldetik goxo tratatu gaituzte, baina exajeraziorik gabe. Sentsazio oso politak izan ditut eta giroa ederra izan da. Beste urteetan hainbeste nabaritu ez dudan goxotasuna. Oso mimatua».
Unai Agirreren lehen finala izanagatik, prentsaren aurrean ere eroso nabaritu zitzaion. Postuari garrantzirik eman gabe: «ez zen garrantzitsua niretzako, eta aurretik ere esan nuen. Sentsazio onarekin geratzen naiz, baina kanpotik ezin liteke imajinatu zer sentitzen den finalean. Hasteko arraro sentitu naiz, baina berehala ohitu ere bai. Eta gehien nabarmenduko nukeena finaleko gogortasuna da. Ez nuen espero horrelakorik».
Zortzi finalisten taldeko giroa goraipatu zuten, eta Unai Agirrek ere, ildo beretik: «hauekin kantatzea poz haundia da». Aitor Sarriegi eta Igor Elortza gogoratu zituen, bere azken finala zela esan zutelako biek. Eta momenturik hunkigarriena, Maialen Lujnabio eta Aitor Mendiluze buruz burukorako sailkatu zirenean sentitu zuen: «izugarri emozionatu naiz. Hernaniko Bertso Eskolako bi bertsolariak lehenengo bi postuetan ikustea itzela izan da. Asko emozionatu naiz».
«Asko daukat ikasteko»
Beñat Gaztelumendik asko duela ikasteko nabarmendu zuen: «Maialenekin bertsotan aritzea bere bigarren txapelan ohore haundi bat izan da». Saioari denok ere ongi eutsi ziotela pentsatzen du. Hala ere, bere lanari dagokionez, esan zuen ez zela «nire egunik onena izan». Honela, «asko ikasteko daukat oraindik. Gaztea naiz eta denbora badago». Alboan dituen lagunak bide hori egiteko egokienak direla ere azpimarratu zuen añorgatarrak.
«Kriston emozioa eta poza sentitu dut»
Prentsaurrekoa txapeldunaren hitzekin amaitu zen, eduki zituen sentimendu edo emozioez hizketan. «Saioan zehar bidean, lanean aritu gara, gozatzen neurri batean, baina egintza horretan irristatzeko arriskua egoten da, eta onena utzi nahi duzu. Lan ederra egiten saiatzen zara eta ez duzu besterik pentsatzen. Ahalik eta lan onena egiten. Hala ere, ez dut lehorra izan nahi, eta kriston emozioa eta poza sentitu dut txapeldun naizela esan dutenean. Oso pozik nago, eta lan gogor horren emaitza dela sentitzen dut».
Amets Arzallusek ere hitz egin zuen prentsaurrekoan. Txapeldun ohiak sentsazio «gazi-gozoak» eduki zituen: «taldeko begitik partaide bezala ona, baina pertsonalki neure buruari eskatzen nionera ez naiz iritsi».