Bi zita jarri dituzte ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko ikasleek, datozen egunetan. Gaur arratsaldean izango da aurrenekoa: akordeoi entzunaldia eskainiko dute, 17:30etan hasita, Milagrosa kaperan.
Eta akordeoi doinuei, txistu hotsek hartuko diete erreleboa igandean. Udaletxeko arkupeetan eskainiko dute abenduko kontzertua, 12:30etan, musika eskolako txistulariek.
Bi ospakizun berezi, txistularien kontzertuan
Igandekoa izango da, Txistulariak arkupeetan kontzertu sortako azkenekoa. Eta egitarau berezia prestatu dute zitarako, bi ospakizun tarteko direla: batetik, 90 urte bete ditu aurten, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak, eta urte guzti hauetan «egin duen lan izugarria ekarri nahi dugu gogora, elkartearen bi aldi berezitako partitura ezagunak berreskuratuz».
Eta bestetik, igandean Euskararen Eguna izanik, euskerari kantatzeko erabili ohi diren doinuak ere eramango dituzte kontzertura. Bukatzeko, Incansables txarangako Kanarioren bi pieza joko dituzte: Koxori eta Atzietako mendigoizaleak, baina txistu talderako egin dituen moldaketekin.
Gazteen Dantza Suelto Txapelketa ere, igandean
Beste zita bat ere izango da igandean. Kriskitiña dantza taldeak antolatuta, Gazteen Dantza Suelto Txapelketa egingo dute, eguerdiko 12:00etan hasita, Plaza Berrin; euria eginez gero, Biterin.
22garren edizioa izango da aurtengoa, eta hamabi bikote igoko dira taula gainera, bakoitzak fandango eta arin-arin bana dantzatzera. Gasteiz, Azkoitia, Errezil, Azpeitia, Lezo, Villabona eta Adunatik etorriko dira, eta Beñat Luluaga eta Aitzol Txapartegi trikitilarien erritmora dantzatuko dute.