Kaxko Hobetu taldeak berriro salatu nahi izan du, «sagardotegi garaian Kaxkoan izaten den desorden publikoa. Ez da berria ostalarien eta bizilagunen arteko interes gatazka gauetan, eta ez dugu ulertzen, nola onartzen dituzten urtero ordutegi zabalagoak, jakinda ordena publikoan kalte egingo duela horrek», salatu dute.
Zentzu horretan, adierazi dute hori ez dela txotxaren kultura: «Kaxkoan nabari dena mozkorkeriaren kultura da. Zikinkeria, botilak hautsita, zarata, altzariak puskatuta...».
Horregatik, eskatu dute zaintza aktiboa, legea beteko dela kontrolatuko duen ikuskaritza, edota isunak jartzea. «Beste bide bat, jarraitu nahi ez genukeena, litzateke Eusko Jaurlaritzak bertan behera uztea ordutegiak zabaltzeko dekretuak, eta ixteko orduak aurreratzea», azaldu dute.
«Aparte jorratu behar dira sagardotegietako txotxa eta arratsalde-gaueko ekintzak»
Gaiaren inguruan, EH Bilduk hausnarketa prozesu bat abiatu du, baina Kaxko Hobetuk jakinarazi du, ez dutela parte hartuko, «biziatuta daudela» uste dutelako.
Edozein kasutan, bere ekarpena egin nahi izan du taldeak, eta «txotx garaiaren balorazio hobea» egiteko, proposatu dute beste hainbat datu ere ematea: «batetik, aparte jorratzea sagardotegietako txotxa eta arratsalde-gauetako ekintzak Kaxkoan. Bestetik, gogoraraztea atsedena herritar guztion eskubidea dela. Eta beste hainbat datu; hala nola, Kaxkoko zaraten neurketen datuak, zarataren eta aforoen benetako kontrola, Osakidetzako urgentzien datuak, koma etilikoei zein zaurituei dagokienez...».
Azkenik, Kaxko Hobetuk bere babesa erakutsi nahi izan dio, aurreko astean izan zen Sagardo Forumari: «txalotu eta babesten dugu, sagarra, sagardoa eta txotxaren kultura balioan jartzen dituzten ekimenak. Baina turistek sagardotegietan bilatzen dutena gauza bat da, eta Kaxkoko gonbidatuek gauetan bilatzen dutena beste bat».
Eta galdetu du, ea eragingo ote lukeen emaitzetan, bisitariei «gizalegezko portaera eskatzeak, eta ez onartzea nahi dutena egiten, legerik gabeko herria balitz bezala».