Joan den urtean heldu zieten berriro, oroimen historikoa berreskuratzeko ekintzei; eta aurten ere antolatu dituzte hainbat ekintza, abendu osoan zehar, emakumea ardatz hartuta; Frankismoan egoera latza bizitu zuten emakumeak isilpetik ateratzea, hain justu.
Hernaniko Udaleko hainbat sailek antolatu dituzte jardunaldiak, Andreen iragan bizia izenburupean: Artxiboa, Kultura, Berdintasuna eta Zerbitzu Sozialak. Eta atzo aurkeztu zituzten, Leokako labaderoan, Udaleko zinegotzi diren emakumezkoek.
‘Iragana, lahar eta larrosa’ antzezlana, aurreneko zita
Koro Etxeberria Kultura zinegotziak eman zuen ekimenen berri, eta etzitik abenduaren 19ra luzatuko den egitaraua azaldu zuen. Ostiral honetan, Iragana, lahar eta larrosa antzezlanak emango die hasiera, 22:30etan Biterin. Hiru eszenatan, Frankismoaren aurreko gertaerak kontatuko ditu Segurako Antzerki Taldeak. Sarrerak salgai daude, 7 euroan.
Hurrengo ekimenak, berriz, datorren astea igarota izango dira, abenduaren 11tik aurrera. Egun horretan inauguratuko dute, 19:30etan Biterin, Intxorta 1937 Elkartearen erakusketa: Emeek emana, 63 emakumeren testigantzak jasotzen dituena, haien erretratuekin batera. Tartean dira hainbat hernaniar ere (Miren Clemente, Bittori Barcena, Begoña Gorospe....), eta inaugurazio ekitaldi horretan egongo dira.
Gaiari buruzko hainbat hitzaldi izango dira abenduaren 14an, eta emakumeen testigantzen bideo emanaldi bat ere bai. Eta abenduaren 19an, Ama nora goaz? dokumentala jarriko dute. Bitarte horretan, gainera, topaketak izango dira, Sandiusterriko adinekoen eta Hernani Institutuko ikasleen artean, bizitakoak konpartituz.
«Memoria denok gara, hori gabe ez dago transmisiorik»
Zentzu horretan, Etxeberriak nabarmendu zuen, memoria denok garela: «memoriarik gabe ez dago transmisiorik. Asko zor diegu, anonimatoan egon diren emakume horiei».
Garazi Etxarri EH Bilduko zinegotziak, azaldu zuen Leoka aukeratu izana, aurkezpenerako: «leku sinbolikoa da. Bertara etortzen ziren emakumeak, eskuak urratu arte arropa garbitzera, eta hau izaten zen beraien topaleku». EAJko Maria Otaegik, berriz, adierazi zuen: «1936-37ko eta ondorengo istorio asko iritsi zaizkigu, baina gutxi ezagutu dira emakumeak protagonista zituztenak». Eta Orain Hernaniko Jaione Aristregik, azkenik: «1079tik 2017ra, emakumeen presentzia %20koa izan da Hernaniko Udalean; alkateak, zortzi gizonezko eta bi emakumezko. Politika ere feminizatu behar dugu, lekua hartuz». Ezin izan zuten bertan egon PSE-EEko Maria Jesus Egidok eta Orain Hernaniko Nora Reyk, baina bat egin dute jardunaldiekin.
EGITARAUA
ABENDUAK 1, ostirala
22:30etan, Antzerkia: Iragana, lahar eta larrosa. Segurako Antzerki Taldea. Sarrerak salgai Biterin, 7 euroan.
ABENDUAK 11-30
18:00-20:00, Erakusketa, Biterin: Emeek emana. Intxorta 1937 Elkartea. Inaugurazio ekitaldia, abenduaren 11n arratsaldeko 19:30etan.
ABENDUAK 14, osteguna
19:30etan, Hitzaldia euskeraz, itzulpen zerbitzuarekin: Biziraupena ardatz; Hernaniko emakumeen hainbat lan ibilbide (Berdintasun Arloko ikerketa beken azalpena). Biteri kultur etxean.
Jarraian, Bideo emanaldia: Ahotsak; Hernaniko emakumeen testigantzak. Euskeraz, gaztelaniazko azpitituluekin.
ABENDUAK 19, asteartea
19:30, Dokumentala (euskeraz, gaztelaniazko azpitituluekin) eta solasaldia: Ama nora goaz? Biterin.
ABENDUAK 12 eta 18
Hernaniko Memoria Historikoaren Belaunaldien Arteko Topaketak. Hernani BHIko ikasleen, eta Zaharren Egoitzako eta Eguneko Zentroko pertsonen arteko topaketak.