Partidu zaila zeukaten aurretik larunbatean Mundarroko mutilek, baina aurreko asteko garaipenak indarrak aterarazi zizkietan, eta Allerruri 1-0 garaitzea lortu zuten.
Lehenengo zatirik onena
Ez zeukaten batere erraza, baina argi dago, batzuetan, ondo hasten dena, ondo bukatzen dela. Goiko postuetan dagoen taldea da Lezoko Allerru; dena den, astigartarrek denboraldi osoan egin duten aurreneko zati onena egitea lortu zuten: defentsan presioa eginez, eta baloia pazientziarekin mugituz.
Kanpokoen zelaian denbora asko pasa zuten, eta 15garren minutuan sartu zuten partiduko gol bakarra. Kanpokoek ere izan zuten aukera bat, baina baloiak langa jo zuen.
Bigarren zatian, aldiz, Allerrukoek erritmoa gehitu zioten norgehiagokari; nabaria zen igoera postuetatik gertu mantentzeko nahia zutela. Erraz erdiratu, eta bertan mantentzea lortu zuten maiz, baina ez zuten erremate garbirik egitea lortu. Mundarrokoei eustea tokatu zitzaien, eta ederki egin zuten, bereziki atezainak, bukaera aldera erantzun paregabea eman zioenean Allerruren aukerarik onenari.