Atzo eman zieten hasiera Biterin, La zanja antzezlanarekin, Babesa eta asiloa sentsibilizazio jardunaldiei. Eta gaur izango dute segida, beraien esperientzia konpartituko duten hiru kiderekin. Esperientziatik elkarrizketa mahai ingurua antolatu dute, 19:00etan hasita, Biterin bertan.
José Palazón izango da gonbidatuetako bat, Prodein GKEko presidentea. Bertan egongo da Javi Julio kazetari donostiarra ere, Siriako muga ondoko errefuxiatu guneetan lan egindakoa. Eta Mireya Perea aktibista izango da hirugarrena, Bachue kolektiboko ordezkaria, Euskal Herrian bizi diren kolonbiar errefuxiatuen erakundea.