Ana revuelta eta Andrea Arrizabalaga Tabakalerako hezkuntza arloko teknikariek Ereñotzun aurkezpen irekia egin zuten, ostegunean, Hezkuntza Proiektuaren berrikuntzaren inguruan. Tabakalerako Eskola Aldiriak du izena eta Tabakalera eta hezkuntza zentroen artean aliantzak eraikitzeko, eta artea eta hezkuntza uztartzen dituzten proiektuak garatzea du helburua.
Proiektua onartzearekin batera diru partida bat, 7.000 eurokoa, lortu da. Ana Revuelta eta Andrea Arrizabalaga teknikariak etortzen dira Txirrita eskolara. Lehen fase honetan elkar diseinu bat, elkar hausnarketa bat, formakuntza bat eskaintzen dute beraien metodologia, arte mundua, kultura sustatzeko eta abar. Eta gero geletan sartuko dira.
Proiektua orain hasi da eta oso gustora daude Txirrita eskolako arduradunak. Pasa den urtean deialdira aurkeztu ziren eta zirriborro bat aurkeztu ondoren. Tabakalerako hezkuntza arlokoekin bildu ziren eta sintonian zeudela ikusi zuten. Behin aurkeztuta proiektua aukeratua izan zen.
Patioa ez zela egokia ikusten zuten guraso, irakasle eta ikasleak berak ere bai. Hortik sortu zen hausnarketa egiteko bidea eta Tabakalerako deialdian aurkezteko ideia.
Jolasgune berria
Tabakalerako hezkuntza arloak bultzatzen dituen proiektu hauen helburua da Tabakalera eta hezkuntza zentroen artean epe luzeko aliantzak eraikitzea, eta artea eta hezkuntza uztartzen dituen proiektu kolaboratibo bat garatzea.
Txirrita eskolaren kasuan, eskolak daukan behar edo desio batetik abiatuta, hezkuntza komunitatean harremanak gertatzen diren espazioarekin lotura daukan proiektua da bultzatuko dena: jolastokia berrituko da. Horrela, ikastetxea eta auzoaren arteko harremanak sustatzeko espazio berri bat sortu nahi da, aisialdi, kultur eta arte esperientzien bitartez. Zer motatako aisialdi eta kultur dinamikak nahi ditugu? galderari erantzun diote, horretarako.
Komunitate osoaren babesa
Proiektuak dagoeneko komunitate osoaren babesa dauka: eskola, guraso, Auzo Udala... «Gure Hezkuntza Proiektua berrikusten hasi ginenean, denon artean landu genuen zein behar genituen, eta detektatu genuen jolastokia berritzeko beharra. Horrela aurkeztu ginen Tabakalerako deialdira. 7.000 euroko aurrekontua izango dugu ikasturte osoan zehar proiektua garatzeko, eta guraso eta Auzo Udalarekin ere landuko dugu. Auzoarentzako ere izango da».
Desioak edo nahiak bildu zituzten aurretik
Proiektu honetan murgildu aurretik eskolak, beraien hezkuntza proiektua berritu zuen. Bertan ikusi zituzten zeintzuk ziren eskola komunitatearen desioak edo nahiak. Nolako eskola nahi zuten hausnartu zuten eta zeri ematen zioten garrantzia. «Hala Nolako eskola nahi dugu? dinamika abiatu genuen, besteak beste, espazio aldaketa eta beste eskaerei tokia emateko. Hormairudi bat jarri genuen eskola atarian (komunitatean egindako ekimenen argazkiak panelaren markoa eratzen zutelarik), eta bertan guraso, ikasle, irakasle, jangelako lankide eta auzotarrek beren ametsak eta desioak adierazi eta pegatu zituzten».
Bideo bat ere egin zuten eskaera guztiak ikusentzunezko euskarrian ere izateko. «Gure nahien artean, egungo jolastokiaren gaia dezentetan errepikatu zen eta bai haur, bai guraso eta bai irakasleok sentitzen dugu erantzuna eman beharreko nahia eta helburua dugula».
Lehen fasea amaituta bigarrenarekin hasiko dira
Eta orain hasiko dute hurrengo fasea. Guraso batzarrean ere aurkezpen labur bat egin dute. «Orainarte kodiseinuarekin ibili gara. Bost-sei saio izan ditugu eta saio horietan egin duguna da elkar ezagutza; eskolaren helburuak zeintzuk diren, ze metodologia daukagun lan egiteko; umeen interesak, umeen ongizatea, zoriontasuna, zaintzaren garrantzia, komunitatearen zabalkundea... umeak ez daude bakarrik etxean edo eskolan. Metodologia zehazten egon gara eta proiektuka egiten dugu lana. Bertan ikusten dugu umeen interesak eta beharrak zeintzuk diren eta hortik abiatzen gara lan edo programa zehatz batekin. Sintonia haundia izan dugu Tabakalerako teknikariekin».
Urratsez urrats joango dira. Umeek nondik bideratzen dituzten beraien interesak eta desioak ikusten dituzte lehendabizi eta hortik abiatuta joaten dira diseinatzen jarduerak eta hauek nola gauzatu.
«Espazioa ikusiko den emaitza da, baina prozesu bera garrantzitsuagoa da»
Ikusi zuten Eskola Aldiriak proiektu honetan ere eskatzen zutela espazio baten eraldaketa, baina baita desio horiei ere bide ematea. «Ez da bakarrik espazio baten eraldaketa baizik eta proiektu zabalago baten barruan kokatzen da. Espazioa ikusiko den emaitza izango da, baina berez guretzat garrantzitsuagoa da prozesu bera. Komunitatea ezagutzea, elkarrekin lana egitea, eskola eredua bera ezinbestekoa da».
Tabakalerakoentzat hau hirugarren deialdia da. Lehenago egin zuten Jakintza ikastolarekin eta Lau Haizeta institutuarekin Donostian. Eta oraingoan Txirrita Eskolaren txanda da.
«Beraien eskarmentua aprobetxatuko dugu gure de-sioei eta nahiei bide emateko. Baina ez bakarrik espazio bat lortzeko. Hori horrela izan balitz kontratatuko genuke diseinu aldaketa bat egiten duen batekin. Gurea elkar lan bat da, nahiko genuke auzoak ere parte hartzea. Honela eskola bukatzen denean esaterako espazio hori izatea harremanak sustatzeko, eta ahalik eta zabalena den aisialdi gune eraginkor bat izateko».
Artista baten esku hartzea eta laguntza egongo da
Proiektuak arte aldetik ikaragarrizko aukera eskaintzen du formatzeko eta trebatzeko. Diseinuaren orduan ere artista baten esku hartzea edo laguntza izango dute. Ez bakarrik gauzapen praktiko baterako, baita ere beraien aholkularitza. «Askotan artea ulertzen dugu kontenplatzeko, kasu honetan ez. Ikasteko erabiliko da, umeek dauzkaten sormen guzti horiek aktibatzeko eta esperimentatzeko, elkarreragina izateko besteekin eta baita espazioarekin. Nahi dugu giltza izatea beste gaitasun batzuk aktibatzeko eta lantzeko».
Artista baten laguntza izango dute eta auzoan dauden artistak, esparru zabal guztietan, espazio zabal hori lantzen parte hartu dezakete. Batzuk ezagunak dira, baina irekia da baita hain ezagun ez direnentzat.
Maiatzerako amaitua egotea espero da
Orain arte bost-sei saio izan dituzte. Hamabostean behin etorri dira teknikariak Txirrita Eskolako arduradunekin elkartzera, klaustro kide ia guztiekin, tutore guztiak parte hartzen dute. Orain arte kodiseinua landu da eta orain bigarren fase batean sartuko dira, hausnarketan, jarduerak eta zehazten joango dira, umeekin nola lan egin. «Hasiko dira geletan sartzen eta gero diseinuan sartuko gara. Behin aztertuta zer motatako espazioa nahi den eta zer elementu izan ditzazkeen edo zer praktika nahi ditugun, diseinuan sartuko litzateke jende gehiago. Diseinuak beste aste batzuk eramango ditu».
Ondoren diseinu horren garapena etorriko da esku hartze praktikoa patioan eta amaieran komunikazioa. Lortu dugun hori nola zabalduko den.
«Gure nahia izango litzateke maiatzerako bukatua izatea. Aurkezpen edo jaialditxo bat egitea nahiko genuke. San Antonioen aurretik egitea ongi legoke».
Espazioa nolako izango den oraindik ezin da jakin
Momentuz ezin da jakin espazio hori nolakoa izango den, ezin da irudikatu. Elkar lan baten ondoren sortuko da, elkar ezagutza baten ondoren.
Espazioa asko edo gutxi aldatuko den jakiteko dago. «Orain daukagun esparruak ez die erantzuten gure desioei, beharrei. Azken finean segurtasunean ere eraginkorragoa izan daiteken espazioa nahi dugu. Eraldaketa hasieran jolastokiarena izango da eta proiektuan ikusten bada beste eremuren bat aldatu behar dela zabalik gaude. Gero adostu beharko genduke Auzo Udalarekin».
Kontutan hartu behar da aurrekontua 7.000 eurokoa dela, horrek dituen mugekin. «Lurra aldatzea adibidez oso garestia da. Baliabide horiekin agian izugarrizko eraldaketak ezin dituzu egin, baina gauza asko desberdinak egin daitezke. Haurreko esperientzietan ikusi da batzutan ideia eta sormenarekin gehi auzo lanarekin gauza asko lortu daitezkeela».
Jakintza edo Lau Haizetako proiektuak ikusi dituzte eta Tabakalerak bideratu ez dituen beste batzuk ere bai. «Denak ispiragarri dira. Prozesu parte hartzaileak ere nola bideratu ikusi dute. Hori da erronka nagusia, nola izan aberatsa. Bidea zabaltzea, nahiz eta proiektu honen barruan ez izan, gauzak eraldatzeko ederra litzateke. Baina dena auzoaren esku egongo da. Irakaslegoa eta Tabakalerako teknikariak gogoarekin egon daitezke baina gero jendeak proiektuan sinistea lortu behar dugu».