Ezetz diote Aranok eta Goizuetak, eta horrenbestez, ekintza bana antolatu dute Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren harira.
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna, azaroaren 25ean, datorren larunbatean da, eta Aranon Zazpiak oihal batetik ipuin kontaketa musikatua antolatu dute biharko, eguerdiko 12:00etan Maisuenean. Goizuetan, bestalde, Errefuxiatuak eta emakume errefuxiatuen egoera Grezian solasaldia antolatu da, Nafarroako Brigadisten elkarteko Lucia Etxeberriaren eskutik. Hitzordua abenduak 2 larunbatean izango da, Ganbaran goizeko 11:00etan hasita.
Areson, Leitzan, Burlatan eta baita Iruñean ere
Aranoko ipuin kontaketa musikatua izanen da Leitzaldeko lehendabiziko hitzordua, eta azkena, berriz, Goizuetako solasaldia.
Bi ekintza horiez aparte, Aresok, Leitzak, Burlatak eta Iruñak ere ezetz diote emakumeenganako indarkeriari. Hortaz, Leitzaldeko beste herri eta hiri horietan ere hainbat ekintza antolatu dira azaroak 25eko Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren arira.
Beraz, Aresok hartuko dio lekukoa Aranori, eta Garaiz ikasi antzerkia izanen da udaletxeko ganbaran, azaroaren 23an arratsaldeko 17:00etan hasita.
Azaroaren 24an Leitzan, eguerdiko 12:00etan Udalaren adierazpenaren irakurketa eginen da Herriko Plazan. Eta gaueko 22:00etan, berriz, Idurre Eskisabelen, Uxue Alberdiren eta Maialen Lujanbioren bertso saioa izanen da Zinean.
Eta egunean bertan, hau da, azaroaren 25ean, Burlatan eta Iruñean borobilduko dira ekitaldiak. Alde batetik, Burlatako Kultur Etxean 11:00etatik 19:00ak bitarte Genero Indarkeriaren aurkako Gazteen I. Topaketa Nafarroan izanen da. Eta azkenik, iluntzeko 20:00etan, berriz, Iruñako Gaztelu plazatik abiatuta manifestazioa izanen da, Indarkeria sexistaren aurkako Nafarroako Emakumeen Plataformak antolatuta.