Ateak itxi zituen atzo eguerdian II. Sagardo Forumak, eta ez nolanahi, gainera.
Nazioarteko Sagardo Lehiaketa ospatu zen Orona Ideon atzo, eta guztira 12 herrialdetako 120 produktuk hartu zuten parte. Eta epaileen artean sona haundiko sumiller, enologo, sukaldari, kazetari eta bloggerrak izan ziren.
Hiru eguneko jardunaldiak
Pasa den ostegunean hasi eta atzo bitarte, Hernani sagardoaren munduko hiriburu bilakatu da. Sagardoaren Lurraldearen eskutik, Sagardo Forumaren bigarren edizioa ospatu da Orona ideon, eta mundu osoko hizlari, entzule eta dastatzaileak bildu dira bertan. Sagarra eta sagarrarekin lotutako kultura, ekoizpena eta turismoa, beraz, jomuga izan dira egunotan.