«Munduko herritar garen heinean, badugu zeresana errefuxiatuen egoeraren aurrean»

Kronika - Erredakzioa 2017ko aza. 25a, 01:00

Grezian izan zara udaran, errefuxiatuei laguntzen.
Hilabete batez egon naiz han, Chios irlan, abuztu osoan. Na­fa­rroako Brigadisten taldeko kide batzuk izan ziren aurretik, eta bueltakoan, interesa piztu ziguten beste hainbati, bertara joateko. Hasieran 10 laguneko talde batekin joateko asmoa geneukan, eta azkenerako 30 elkartu ginen, Euskal Herri osokoak. Aurrena Ate­nasen izan ginen pare bat egunez, Greziako egoera soziopolitikoa eta errefuxiatuen egoera ezagutzeko. Eta handik Chiose­ra joan ginen. 
Bi errefuxiatu kanpamendu zeuden han, abuztuan: udale­txearena bat, Sousa izenekoa; eta militarra bestea, Vial dei­tzen dena. Sousan bakarrik ge­neukan sartzeko aukera. Baina egoera oso aldakorra da, asko aldatu da hilabete batean. Eta orain Vial bakarrik dago, eta denak bertara eraman dituzte.

Nolako lana egin duzue han?
Feox organizazioarekin aritu ginen elkarlanean, eta beraiek arrunt irekita zeuden gure proposamenetara. Zeregin ezberdinetarako, lan taldeetan an­to­latu ginen. Batzuk, adibidez, arduratzen ziren arropa eta higiene produktuak lortu, eta beharren arabera banatzeaz. Ni, erizaintza ikasle bezala, osa­sun proiektu batean aritu nintzen, medikuntza ikasten ari den mutiko batekin. Egu­ne­ro pasatzen ginen dendaz den­da, ikusteko zein behar zeuden; sendatu genitzakeenak sendatu, eta larriagoak baldin bazeuden, ospitalera eramaten geni­tu­en. Ospitaleko atentzioa arrunt exkaxa zen errefuxiatu­entzat, eta asko borrokatu behar izan dugu, ordu pila bat igaro behar izaten genituelako laguntza jasotzeko.
Haurrentzako ere bageneukan proiektu bat, eskulanak, eta jolasak eginez. Adin guztietako­entzat, igeriketa saioak ere egin genituen. Eta irteerak ere bai, oso ondo funtzionatu zutenak, jendeari asko gusta­tzen zi­tzaiz­kion. Eta gauetan, zinea eta te ordua izaten zen astean hirutan. Esaten zuten, horrek asko laguntzen ziela, egoera guztiaz pixka bat ahazten, denbora batez. Arrunt polita izaten zen. Eta emakumeen txokoa ere jarri genuen martxan.

Eta zer zen, emakumeen txoko hori?
Arratsaldetan hasi ginen elkar­tzen. Kontua da, dendetatik kan­po, leku publikoetan, ez ge­nuela ia emakumerik ikus­ten, gizonezkoak bakarrik. Eta es­pa­zio bat eman nahi genien, ba­karrik emakumeak elkartuta, eskulanak eginez, tea eginez, irakurtzen… Beraiek eduki ze­za­ten momentu bat beraien­tzat, eta baita ere emakumeen artean erlazionatzeko. Eta ha­si­eran gutxi etortzen baziren ere, bukaerarako talde majoa elkartzen ginen. Eta polita izan zen, gu bueltatu ginenean, be­raien artean elkartzeko asmoa erakutsi zutela.

Emakume errefuxiatuen egoeraz ariko zara hitzaldian, hain juxtu. Oso konplikatua da beraien egunerokoa…
Bai. Kontua da, hemendik Si­ria­koak bakarrik daudela dirudien arren, toki askotako errefuxiatuak daudela han, eta ba­tetik bestera, kultura asko alda­tzen dela. Baina orokorrean, ikusten zen emakumearen pa­pe­­ra dela umeekin egotea, den­­da barruan; eta gizonena dendatik kanpo. Gainera, gizonezko askok bazekiten ingelesa, bai­na emakumezko oso gutxik, eta ko­munikazioa oso zaila zen. Ba­zi­ren egunak, emakumeen txokoan, itzul­tzaile lanak egin­go zituen emakumerik ez zegoela, eta zeinu bidez aritzen gi­nen; edo musika jartzen ge­nu­en: guk hemengo musika jarri eta dantzatu, eta gero haiek, be­ra­ien herrialdeko musikarekin.
Hori bai, kanpoan musika jartzen bagenuen, gizonezkoek bakarrik dantzatzen zuten. Ema­kumeek espazio itxi batean bakarrik dantzatu zezaketen.
Gainera, kontutan hartu behar da, han daudela denda berean 10 lagun bizitzen, familiak elkarrekin, eta ez daukatela inolako intimitaterik. Eta ema­kumeek, gurekin gauzak egiteko edo kafe bat hartzeko, gizonen baimena behar zuten ha­si­eran. Gero, konfiantza hartu zu­tenean gurekin, arazorik ga­be. Baina emakumea gehiago ikus­ten zen familiari eta haurrei lotuta, eta gizonak espazio batzuk hartzen zituen, emakumeak ezin zituenak hartu.

Eta orokorrean, zein dira errefuxiatuek dauzkaten behar haundienak?
Chios, pasa behar duten filtro moduko bat da errefuxiatuen­tzat. Europara iristeko, eskaloi modukoak dauzkate. Aurrene­koa Turkia gurutzatzea da, ma­fiari ordainduta edo. Eta gero, itsasontziz Chiosera edo beste irlaren batera joaten dira. Han identifikatu egiten dituzte, filtroa pasatzeko. Horretarako dago sortuta Vial kanpamendua, eta kartzela bat bezala da; hiritik bi ordura dago, eta abuz­tuan 1.500 bazeuden, orain 3.000 edo 4.000 izango dira. Handik Atenasera joan, edo atzera bueltatzen dituzte; bai­na prozesua oso geldoa da, eta urte eta erdi pasa dezakete bertan, aurrerapenik gabe eta ezertxo ere jakin gabe. Familia erabat desestrukturatuak, bizi proiekturik gabeko jendea… Baldintza penagarrietan bizi dira, gainera: jende pila bat denda bakoitzean, komunak arrunt gaizki... Mentalki desgaste haundia suposatzen die, eta suizidio saiakerak izaten dira. Autolesioak sendatzea to­katu zait niri. Noraezean daude, ez dakite nora dijoazen. Ixil­ta­sunean sufritzen duten guztiarekin, pixkanaka hiltzen dijoaz.

Hemen ere jarraitzen duzu lanean, ezta?
Ikerketa lan batzuk egin genituen han, Gipuzkoako SOS Arra­zakeriaren laguntzarekin. Errefuxiatuei elkarrizketa sa­ko­­nak egin genizkien, eta bertako biztanleei inkestak ere bai. Izan ere, urteak dira errefuxiatuak joaten direla Chiosera, eta nabaritu egiten da hango he­rri­tarrengan: nahiko arrazistak dira, eraso dexente izaten dira...
Eta helburua hori zen, in­for­mazioa biltzea, hemen lanean jarraitzeko. Horrela, hemen eza­gutarazi dezakegu zein den hango errealitatea, eta salatu ere bai. Europar Batasunak ez du ezer egiten egoera konpon­tzeko, eta are gehiago, gero eta baldintza okerragoak jar­tzen diz­kiete errefuxiatuei. Ho­rre­­tan ari gara, bildutako informazio guztia sintetiza­tzen, eta hitzaldiak prestatzen, herrietan, institutuetan zein unibertsitateetan. Goizuetakoa izanen da au­rrenekoa. Bertan bizitutakoa eta ezagutu dugun errealitatea eza­gutarazi eta salatu nahi dugu. Munduko herritar garen heine­an, badaukagu zeresana, errefuxiatuen egoeraren aurrean; eta bereziki Europar Bata­su­ne­ko herritar bezala. Migra­tze­ko kau­sa asko daude; ez gerra ba­karrik, emakume izatea, erre­fuxiatu politikoa izatea… ere izan daiteke. Migratzea eskubide bat da, eta oraintxe ez dago bermatuta.

Zuri zer aportatu dizu egoera bertatik bertara ezagutzeak?
Bi alde aipatuko nituzke. Bate­tik, ikustea egoera zein latza den beraientzat. Bizitu duten guztitik ihes egin eta gero, hemen Europan animaliak bezala tratatzen dituztela… Telebistan ikusita edo, badakizu nora zoazen; baina beraien ahotik kontatuta, aurrez aurre entzutea, oso gogorra da. Baina bestetik, izugarria da daukaten indarra aurrera jarraitzeko eta familia aurrera ateratzeko. Arrunt ongi hartu gintuzten, oso esker onekoak ziren, edozein ekintza an­tolatzen genuenean.
Nire asmoa bazen, buelta­tzean lanean jarraitzea gaiarekin. Eta bertatik bertara ezagu­tzeak, indar gehiago eta sala­tzeko gogo gehiago eman dizkit.
Eta esperientzia bezala, izugarri aberasgarria izan da, kultura desberdinak eta jatorri as­ko­tako jendea ezagutzea, ha­ie­kin harreman zuzena izatea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!