Aurreko larunbatean, azaroaren 18an, hainbat ekimen antolatu zituzten Hernanin, euskal preso politikoen gaiaren inguruan. Eta horiekin batera, deialdia luzatu zuten, abenduaren 9an Parisen egingo den martxara joateko.
Belen Gonzalezen heriotza salatu zuten aurrena, arratsaldean; eta ondoren, Elkartasun Uhinak ekitaldia burutu zuten Tilosetan. Bertan, Hernaniko presoak izan zituzten gogoan, eta beraien maitasuna erakutsi zieten bertaratuek, aurten libre geratu diren lau presori: Joamari Mariezkurrena, Joxe Kamatxo, Josune Balda eta Itxaso Zaldua.
Gauean, berriz, kiroldegiko frontoian jarri zuten zita, afari-ekitaldia egiteko. Musika, poemak, abestiak... izan ziren, afarian zehar. Eta bertan hartu zuten hitza, abenduaren 9ko Eta orain presoak ekitaldiaren antolatzaileek, dei berezia egiteko: «Frantziako gobernua mugiaraztea lortzen bada, Espainiako gobernua gero eta bakartuago geldituko da. Herriaren garaia da, gu guztion garaia da. Salbuespen legerik ez! Euskal preso eta iheslari politikoak etxera! Preso gaixoak askatu! Denak Pariserat!», aldarrikatu zuten.
Autobuserako, zerrendak
Parisera joateko, autobusak jarriko ditu Sarek, Hernanitik; eta apuntatzeko, zerrendak daude Garin eta Zinkoenea tabernetan, Peña okindegian, eta Lurreko dendan; eta Ereñotzun, Irrintzi tabernan.