Oraindik lider, eta tartea haundituta

Kronika - Erredakzioa 2017ko aza. 25a, 01:00

Guztira 119 txirrindulari bildu ziren Donostiako belodromoan, aurreko asteburuan, Pista Sariko bigarren jardunaldian; eta bikain aritu zen Urko Semperena astigartarra, beste behin. Lider jarraitzen du open kategorian, eta tartea haunditu egin du gainera.
Lehia are eta gogorragoa jarri zen bigarren jardunaldi horretan, Aitor Rey eta Illart Zuazubiskar bezalako espezialistekin; baina bi probetan ari­tu zen aurrean astigartarra. Scratch proban, hasteko, Zua­zubiskarrekin egin zuen ihes lasterketaren erdi aldera, eta elkarrekin iritsi ziren helmugara, garaipena esprintean jo­katzeko. Estu hartu zuen Sem­perenak, baina Zuazubiskar nagusitu zen azkenean.
Eta bigarren proban, puntuazioan, berriro egin zuen ihes Zuazubiskarrek, Reyrekin, eta itzuli bateko aldea lortu zuten biek. Atzetik, tarteko esprintetan puntuak pilatzen joan zen Semperena, hirugarren postua eskuratzeko.
Horrekin, lider jarraitzen du astigartarrak, eta tartea haun­ditu du Pista Sariko hu­rrengo sailkatuekin.

Telmo Semperena, 7garren eta 9garren bi probetan
Asteburuan parte hartu zuen bestea, Telmo Semperena izan zen, juniorretan. Eliminazioan aritu zen aurrena, eta aurreneko 11 esprintetan larri ibili ondoren, 12garrenean kanporatu zuten; 9garren sailkatu zen horrela.
Bigarren proban, puntuazioan, aukera gutxi izan zuen puntuak pilatzeko, baina bi esprintetan bigarren eta hirugarren izan ondoren, 7garren bukatu zuen proba. Horrekin, sailkapeneko 10garren postu­an jarraitzen du.
Abenduaren 2an izango da, Pista Sariko hirugarrena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!