Euskeraren Nazioarteko Eguna da abenduaren 3an, bihar zortzi, eta begia egun horretan jarrita daukate dagoeneko astigartar askok. Hori irudikatuko dute, hain zuzen, gaur hasi eta abenduaren 3ra arte 100 da 100... berrehun ordu euskeraz! erronkan parte hartuko duten herritarrek.
Erronkari hasiera emateko, ekitaldi xumea egingo dute gaur 18:00etatik aurrera, Foru Plazan. Bertan izango da Maddalen Arzallus bertsolaria, berak hainbat gomendio emango ditu bertso musikatuen bidez, eta ondoren, taldeko argazkia aterako dute.
Ekitalditxoa, erronka hasteko
Aste honetan zehar, edo gaur 12:00etatik 14:00etara edo 17:00etatik 19:00etara bitarte Foru Plazan egongo den mahaiean izena ematen dutenek, astebetez euskeraz aritzeko erronka hasiko dute gaur. Aurtengoan, Nirekin bai! lelopean burutuko dute, abenduaren 3ra arte, bihar zortzi arte.
Partehartzaileen artean, bi perfiletako herritarrak egon daitezke: hitz egiten dakitenak, eta ulertzen dutenak. Horiei guztiei, txapa bat banatuko zaie; gaur Foru Plazan jaso ahal izango dute, edo astean zehar, udal eraikinetan.
Argazkiak, murala osatzeko
Abenduaren 3an, Euskeraren Egunarekin bukatuko da erronka hurrengo igandean. Egun horretan, besteak beste, partehartzaileen argazkiekin mural bat osatuko dute Joseba Barandiaranen. Horretarako, taldekako edo banakako argazki edo selfieak bidaltzeko deia egin dute, Whatsappez, 616 599 334 zenbakira, hilaren 27ra arte dago aukera.