Aldaketa askoren urtea izan da aurtengoa, Mundarroko saskibaloi taldearentzat, nesken Gipuzkoako 1go mailan: aurreko denboralditik, hiruk bakarrik jarraitzen dute taldean.
Ia talde osoa da berria, beraz, askok utzi egin dutelako: «juniorren taldetik igo direnekin osatu dugu; asko ziren saltoa eman behar zutenak, eta espero genuen bi talde osatzea, baina ez da posible izan», azaldu du Aitor Lopezek, taldeko entrenatzaileak.
Talde beteranoa izatetik, oso gaztea izatera
Eta aldaketa horren eragina, oso nabaria da taldearen adin batazbestekoan: «iaz 31 urte ingurukoa izango zen jokalarien batazbesteko adina; eta aurten, 22 urtekoa edo izango da», dio Lopezek. Talde beteranoa izatetik, oso gaztea izatera pasa da Mundarro, beraz.
Taldearen gaztetasun horrek, «ilusioa» dakar berekin: «aldaketek beti pizten dute ilusioa, nahiz eta hasieran kosta arren. Gazteek oso jarrera ona daukate lanerako, entrenatzeko, emaitzen aldetik denboraldi zaila izaten ari bada ere».
Izan ere, hori da gaztetasunaren beste aldea: esperientzia falta. «Nabaritu egiten da berriak direla maila honetan. Gainera, ez dute elkar ezagutzen jokalariek, eta nire sistemak ere berriak dira haientzat. Pixkanaka joan behar dugu talde bezala elkar ulertzen, baina horretarako ere zailtasunak dauzkagu. Asko kanpoan ari dira ikasten, eta astelehen eta ostegunetan, hiru edo lau egoten gara entrenamenduetan. Ostiraletan bakarrik elkartzen gara denak».
«Partidu guztietatik ikasten jakin behar dugu»
Momentuz, zazpi partidu jokatu dituzte, eta bakarra irabazi dute: «galdu ditugunak, aldearekin izan dira. Baina jakin behar dugu, partidu guztietatik ikasten. Uste dut arazorik ez genukeela izan beharko, mailari eusteko. Hobetzeko marjina haundia daukagu, eta gure jokua aurkitzen dugunean, partiduak irabazten hasiko gara», dio.
Eta hobetzeko marjin hori da, hain justu, entrenatzaileari ilusio gehien egiten diona: «gazteak direnean, teknika eta taktika erakusteko aukera daukazu, formatu ditzakezu. Eta hori da gehien gustatzen zaidana. 25 urte daramazkit saskibaloi entrenatzaile bezala, eta badakit helburuak oso desberdinak izan daitezkeela urtero». Aurtengo helburua da, ahalik eta gehien ikastea, eta ahalik eta lasaien ibiltzea ligan.
Lara Sanchezi erreleboa, hiru astigartarrek
Gazteen pausoak gidatzen ari dira taldeko beteranoak; Mundarron 10 urte baino gehiago daramazkienik ere bada...
Urteak zeramazkien Lara Sanchez astigartarrak ere, baina aurten ez dago taldean: «lesio larri bat izan zuen txorkatilan, eta ebakuntza egin zioten udaran. Esan digu, ziurrenik ez dela bueltatuko. Pena haundia da».
Sanchezi, beste hiru astigartarrek hartu diote erreleboa, aurten: Lierni Zinkunegi, Miren Busto eta Eider Arco. Bi hernaniar ere badira: Ane Miren Iturralde eta Idoia Olcoz.
Bost jokalari berri dira horiek, neskaz exkax ibiltzen den talde batean. Eta oso gutxi izaten dira, baita ere, partiduetara gerturatzen diren zaleak: «pena da gehiago ez izatea. Beste toki batzuetan, Astigarraga bezalako herri txikietan ere, jende asko egoten da, bonbo eta guzti, animatzen».