Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta aldarrikapen horrekin bat egiteko, festa haundia egingo dute gaur astigartarrek, Harituz elkarteak eta Udalak antolatuta.
Goizeko 10:30etan hasiko da festa harrera ofizialarekin, eta orduerdi beranduago, herriko talde kulturalen txanda izango da: AEK euskaltegia, Astigar dantza taldea, Astigarte, Txalaparta, Txirriskla txistulari taldea, eta Xaguxar.
Eguerdiko 12:00etan irakurriko dute manifestua, eta horren ondoren, Matazak Familiako kideek hitz batzuk egingo dituzte.
Jatekorik ere izango da: 13:00etan Gure Izarra elkartean sagardo eta pintxo dastaketa egingo dute Gurutzeta sagardotegiaren laguntzaz. Eta arratsaldean, Donostiako manifestaziora joateko deia egin dute, arratsaldeko 19:00etan.
Tunisiarrak, bisitan
Gaurko festa, gainera, berezia izango da oso, izan ere, bertan izango dira Association Tunisienne de Lutte contre les Comportaments à Risqueko kideak, baita Indiako Stop Acid Attacks ONGkoak ere, azken hauek, Pasaiako taldeak gonbidatuta.
Asteazkenean iritsi ziren emakume tunisiarrak Astigarragara, eta udaletxean harrera egin ondoren, beren egoeraren inguruko hitzaldia eskaini zuten ostegunean.
Harituz elkarteko kideek adierazi dutenez, «hasierako asmoa zen aurreko urteko nazioarteko bideari segika aurten Tunezera joatea, baina ezin izan dugu, eta alderantziz egitea erabaki genuen, Zorione Etxezarraga alkatearen proposamenari segika».
Harremana, 2014tik
Tunezko emakumeen eta Harituzeko kideen arteko harremana 2014an hasi zen, tunisiarrek azaldu bezala: «2014an Facebooken ikusi genuen bufanda egiten ari zirela, eta ehuntzen hasi ginen iritsiko ote zen jakin gabe!».
Bere mataza Astigarragara iritsi zenean, poztasunez hartu zuten berria: «argazkiak ikustean indarkeria sexista jasan duten emakumeek sentitu zuten ez daudela bakarrik», azaldu zuen indarkeria jasan duten emakumeekin lan egiten duen tunisiar batek. Modu batean edo bestean, «Tunezko emakumeentzat ehuntzea askapen moduko bat ere izan da». Hori dela eta, uste dute «proiektua oso bizirik dago Tunezen, eta seguru gaude jende gehiagok egingo duela bat».
GAURKO EGITARAUA
10:30, Harrera.
11:00, Astigarragako talde kulturalak: AEK, Astigar dantza taldea, Astigarte, Txalaparta, Txirriskla eta Xaguxar.
12:00, Manifestuen irakurketa.
12:30, Matazak Familien hitz-txanda.
13:00, Sagardo eta pintxo dastaketa. Gure Izarra eta Gurutzeta sagardoa.
15:00, Bazkari herrikoia.
19:00, Donostiako manifestazioa.