Hernaniko Udalak prentsa oharra bidali du, gaur San Marko Mankomunitatean udal guztiek izango duten batzarraren berri emateko. Bertan, Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo Udalek eskatuko dute, biohondakinaren eta errefusaren tarifa kalkulatzeko Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak erabiltzen duen irizpidea aldatzeko. Izan ere, azaldu dute «GHK-k biohondakinaren zenbatekoa errefusaren tarifaren arabera kalkulatzen» duela, eta «hiru udalontzat bidegabea» dela.
«Ondo ari dena saritu beharrean, zigortu egiten du»
Prentsa oharrean azaldu bezala, hondakinen kudeaketa eta tratamenduaren eskumena udalena da. Gipuzkoako antolaketaren arabera, ordea, udalak mankomunitateetako partaide dira, eta mankomunitatetak GHK-ko kide. Hala ere, errefusaren eta organikoaren tratamenduan GHK arduratzen da, eta beraz, udalek GHK-k onartutako tarifak ordaindu behar dituzte. San Marko Mankomunitateak erabaki horretan parte hartzen du, baina batzarrean ez da gaia lantzen. Horregatik, gaurko batzarrera gaia eramatea erabaki dute hiru udalek.
Hiru udalontzat bidegabea da egun GHK-k erabiltzen duen irizpidea», azaldu dute. «Izan ere, ondo ari dena saritu beharrean, zigortu egiten du». Udalen ustez, «ez du zentzurik elkarren artean zerikusirik ez duten bi hondakin gurutzatzea, bien zenbatekoa ezartzeko. Biohondakina birziklatu daiteke; ondorioz, ez da errefusa».
Tarifak aldatuta, birziklatzea bultzatuko litzatekeela uste dute hiru udalek.
Errefusa, garestiago
Proposatzen dutena da, biohondakinaren tarifa bere tratamenduaren kostuaren arabera kalkulatzea, eta baita garraioaren kostua ere.
Era berean, errefusa birziklaezina den zatia denez, eta beraz, «kutsatzen duen zatia», hiru udalen ustez, «errefusaren kostuak gainerako hondakinen kostuak baino garestiago beharko luke izan. Modu horretan, beste hondakin motak birziklatzea bultzatuko litzateke».