Asteazkena izan zen Santa Zezilia eguna, eta ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko ikasleek Santa Zezilia kontzertua eman zuten Sandiusterrin, patroiaren omenez.
Baina herriko musikariak ospakizunetan murgilduta dabiltza oraindik ere, eta hurrengo zita gaurko dago jarria: ‘Hernani’ Musika Eskolako Hernasax saxofoi taldeak eta Kantuz abesbatzak bat egingo dute, 19:30etan Biteri kultur etxean, kontzertu berezi bat emateko.
Hain zuzen, pelikuletako abestiak interpretatuz, bidaia polit bat proposatuko dute. Besteak beste, joko dituzte Sonrisas y Lágrimas, La Familia Addams, Sirenatxoa, El Puente sobre el rio Kwai edota 1492. The Conquist of Paradise pelikuletako doinuak.
Igandean, Musika Banda
Azkenik, Santa Zeziliaren bueltan antolatutako emanaldiei Musika Bandak jarriko die azken puntua.
Igandean, eguerdiko 12:45etan udaletxeko arkupetan joko dute. Oraingo hau, kontzertu klasikoa izango dela jakinarazi dute, «jarraitzaileek egindako eskakizunari erantzunez». Pasodoble eta zarzuelak izango dira nagusi, eta, euskal kutsua duen obra bat.