Musikarien eguna, Santa Zezilia eguna da gaurkoa, eta herriko musikariak ospakizunetan murgilduta dabiltza. Eta musika zabaltzea da, noski, musikarien patroia omentzeko modurik onena!
Larunbatean dagoeneko, Goiz Eguzki abesbatza eta Hernaniko eta inguruko txistulariak kaleak musikaz janzten ibili ziren, dantzariek lagunduta, eta atzo, Musikalean ekimenarekin bat eginda, Musika Eskolako ikasleak atera ziren kalera.
Gaurtik aurrera, beste hiru emanaldi izango dira, baina epelean.
Sandiusterrin gaur, ikasleak
Datozen kontzertuetan aurrenekoa gaurkoa izango da. ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko ikasleek Santa Zezilia kontzertua emango dute, 18:30etan Sandiusterrin.
Hernasax eta Kantuz, pelikuletan barrena
Santa Zeziliari lotuta, hurrengo zita, ostiralerako dago jarria. ‘Hernani’ Musika Eskolako Hernasax saxofoi taldeak eta Kantuz abesbatzak bat egingo dute, 19:30etan Biterin kontzertu berezi bat emateko.
Hain zuzen, pelikuletako abestiak interpretatuz, bidaia polit bat proposatuko dute. Besteak beste joko dituzte Sonrisas y Lágrimas, La Familia Addams, Sirenatxoa, El Puente sobre el rio Kwai edota 1492. The Conquist of Paradise pelikuletako doinuak.
Musika Bandaren txanda, igandean
Hotzari aurre eginez, Santa Zeziliaren omenezko kontzertua kalera aterako du berriro, Hernaniko Musika Bandak; igandean udaletxeko arkupetan ariko da, 12:45etan.
Oraingo hau «kontzertu klasikoa» izango dela jakinarazi du Bandak, «entzuleek egindako eskakizunari erantzunez». Pasodoble eta zarzuelak osatuko dute programa.