Kulturaren gaineko hausnarketa eta eztabaida prozesu bat jarri du martxan Hernaniko Udalak, eta datorren apirilera bitarte hainbat parte hartze foro, eztabaida, elkarrizketa eta lan-saio bideratuko dira. Eta prozesuari hasiera emateko, lan-jardunaldia antolatu du Udalak datorren larunbaterako, azaroak 25, Biteri kultur etxean.
Lan-saioa goizeko 10:00etan hasiko da, eta Koro Etxeberria kultura zinegotziak eta Agurtzane Aizpuru kultur teknikariak ongi etorria emango dute. Ondoren, Josu Landa eta Gotzon Barandiaranen elkarrizketa-solasaldia izango da, kultura herri baten nortasun eta kohesiorako tresna hizpide hartuta.
Bestalde, atsedenaldiaren ondoren bi esperientzia ezagutzeko aukera izango da: alde batetik, Gernikako Astra kulturarako sormen fabrika, eta bestetik, Azpeitiako Kulturaz kooperatibarena.
Eta goizari bukaera emateko, parte hartzaile guztiekin world-cafe saioa egingo da, Hernanin dinamika berri bat sortzeko gakoak titulupean.
Ekitaldian edozein kultur eragilek nahiz interesa duen orok hartu dezake parte, azaroak 23a baino lehen izena emanez: kultura@hernani.eus.