Ikastaroa antolatu dute Udaleko Zerbitzu Sozialek, Lahar elkargoarekin batera, pertsona nagusiak zaintzen dituztenei zuzenduta: Pertsona nagusiengan depresio eta antsietate nahasmenduak. Bihar hasita, hiru eguneko ikastaroa izango da, astelehenetik asteazkenera bitarte; eta Biterin emango dute, arratsaldeko 16:30etatik 19:30etara, hiru egunetan.
Ikastaroan zehar, hiru atal landuko dituzte. Aurrena, aztertuko dituzte psikopatologiaren eremuko oinarrizko ezagutzak: nahasmendu neurotikoak, gogo-aldarte nahasmenduak, nahasmendu kognitibo organikoak, eta nahasmendu psikotikoak. Ondoren, patologia horietako hiru (antsietatea, depresioa eta nahasmendu kognitibo arina) dauzkatenekin nola jokatu azalduko dute. Eta azkenik, landuko dute eskuhartze psikosoziala depresioan.
Izenemateak zabalik, telefonoz edo bulegoan
Izena emateko epea zabalik dago, Zerbitzu Sozialetan: deitu 943 55 78 54 telefonora, edo pasa bulegotik (Sandiusterri, 1). Hernanin mendekotasuna duten pertsonen 455 zaintzaileek jaso dute gonbidapen gutuna.