Bere apustua mantentzen du Hernaniko EAJ-PNVk, «herriko enpresen eta ingurumenarekiko errespetuaren alde». Hala adierazi du alderdiak, proposamen berri baten aurkezpenean. «Hernaniko enpresak sendotu, eta ingurumena hobetzeko lan egitea» izango du helburu, proposamenak.
«Herriko enpresei laguntzea, herriko ekonomiaren trakzio-elementu eta lan eta aberastasun sortzaile gisa, Hernaniko EAJren politikaren hiru oinarrietako bat da», azaldu du Andoni Amonarraiz bozeramaileak: «eta ingurumenarekiko errespetua, ezinbesteko irizpidea da guretzat, proposamenak egiterakoan».
Bi irizpide horiekin, EH Bilduri proposatu diote, «erosiko diren ibilgailu guztiak elektrikoak edo entxufatu daitezkeen hibridoak izatea. Hernaniko LEMev Stream enpresaren datuak eman dizkiogu, moto elektrikoak egiten dituena; horiek erabili litezke Zerbitzu Publikoen sailetik hasi eta Udaltzaingora arte, eta baita inguruko herrietara joan-etorriak egiteko ere».
EAJk ziurtatu du, gainera, «enplegua sustatu eta ingurumena errespetatzera bideratutako proposamenak» egiten jarraituko duela.