Hotza egiten du, azken egunotan asko jaitsi dira termometroak, baina zenbakiak ez dira haurren kezka nagusia, eta hala nabari da Ekogunean ere. Xira jantzi, kolore bizidun jantzi goxoekin konbinatu, eta kalean pasako dute egun osoa Langile Ikastolako 4 urteko haurrek.
Naturaz gozatzeko aukera paregabea izango dute, izan ere, hori baita Kutxa Ekogunearen Baso Eskolaren xarma. Gure inguruaz modu librean gozatzeko aukera sortu nahi dute, lotura bereziak sortuz, eta hura maitatzen ikasiz. Eta horretarako, hain zuzen, diote: «ez dago eguraldi txarrik, arropa desegokia baizik».
Izan ere, hitzetatik ekintzetara pasatzea da Ekogunearen xede orokorra, eta hala egin nahi dute proiektu honetan ere.
Esperientzia pilotua, aurtengoa
Horrela bada, duela urtebete proiektu bat besterik ez zena, dagoeneko errealitate bihurtu du Kutxa Ekoguneak. Eta ikasturtearen bukaera aldera pre-pilotaje bat egin ondoren, aurten gauzatuko da esperientzia pilotua. Bertan ari da parte hartzen, hain zuzen, Langile Ikastola, eta baita Donostiako Amara Berri ikastetxea ere.
Ikasle bakoitzak, beraz, astebete egiten du Ekogunean; Langileren kasuan, 4 urtekoek bisitatzen dute Baso Eskola, eta Amara Berrikoen kasuan, 5 urtekoek.
Naturarekin eta bertako elementuekin lotura, oinarri
Jolas librea ikasketa metodologia nagusia da Baso Eskolako egunerokotasunean, baina ekintza osagarriak ere badituzte. Horietako bat burutu zuten duela egun batzuk, Espainiako Ornitologia Elkartearen (SEO/BirdLife) laguntzaz. Iñaki eta Luziaren eskutik, Langile ikastolako 4 urteko haurrek hegaztietara hurbiltzea izan zuten helburu. Horretarako, ekintza desberdinak egin zituzten ordubeteko saioan, bi zatitan banatuta: hasiera batean, elkar ezagutzea eta hegazti desberdinen oinarrizko ezagutza bat izatea izan zuten helburu, eta bigarrenean, basoa bere osotasunean miatzea.
«Asmoa da hegaztiak oinarrizko ezagutza bat ematea, betiere kontuan hartuz, txikiak direla», azaldu zuten Espainiako Ornitologia Elkarteko dinamizatzaileek.
«Gustora», Langile ikastolako komunitatea
Urritik hasita, beraz, beren egunerokotasunean txertatuta daukate Baso Eskola Langile ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek, eta orain artekoari buruzko balorazio positiboa egin dute: «oso gustora gaude, pedagogikoki aberasgarria da, umeek beraien baliabideak bilatzen dituztelako. Arlo guztietako konpetentziak edo gaitasunak lantzen dituzte, gainera. Umeek edozein tokitan bilatzen dute zeregina. Beste toki ezezagun batzuetan beldurtu daitezkeen bezala, Baso Eskolan oso lasai ibiltzen dira; nabaria da segurtasuna ematen dien tokia dela», azaldu du ikastolaren zuzendaritzak.
«Eredu bat sortu nahi dugu»
Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko ikasleekin burutuko dena, oraingoz, bi ikasturtetarako proiektua dela azaldu du Langileko zuzendaritzak, baina Ekoguneak haratago joatea espero du: «Euskal Herrian berria den mugimendua da, baina Langilek eta Amara Berrik hartutako erabakiekin ikusten da eskoletan txertatu daitekeela. Eta hori da guk egin nahi duguna, pilotajea guretzat ere ikasketa bat da; dokumentatu egin behar dugu, ikusi nola funtzionatzen duen... eta hala, eredu bat sortuko dugu, bakoitzaren beharrak asetuko dituena», dio Irati Andoño Baso Eskolaren arduradunetako batek. Hori sortuta, «hezkuntza sisteman txertatzea» izango da helburua. Horren adibide da, Eskozia.
Eta bide hori hartzeko, haren ustez, «gogoa eta kontzientzia» behar beharrezkoak dira horrelako proiektu bat aurrera eramateko.
Alkizan martxan, eta Tolosak, interesa
Baina egun, Ekogunearen Baso Eskolak ere piztu du interesa bere inguru hurbiletik haratago.
Batetik, Baso Eskola propioa hasi du Alkizako Eskola Txikiak herrian bertan dagoen baso batean, eta Ekogunea ari da laguntza pedagogikoa eskaintzen.
Bestetik, Tolosako Udalak ere interesa azaldu duela adierazi dute, bertako eskoletan martxan jartzeko asmoz. Gogoeta prozesua irekia dute, eta dagoeneko bisitatu dute Ekoguneako Baso Eskola.
Beraz, «mugimendu bat» badagoela nabaritu dute Kutxa Ekoguneako arduradunek, eta beste hainbatekin ere harremanetan hasiak direla onartu dute.
Dena den, animatu dituzte proiektura hurbildu nahi duten ikastetxeek, beraiek harremanetan jartzeko aukera daukatela, eta «bakoitzaren testuinguru eta beharretara» egokitzeko beso zabalik daudela beraiek ere, «behar duten laguntza emateko prest», adierazi du Andoñok.