San Martin Eguna ospatu zuten aranoarrek pasa den larunbatean, eta goizetik iluntzera bitarte hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izan zuten. Udalak antolatuta, eguna hitzaldi interesgarri batekin hasi zuten: Iñaki Garijo Ibargoitia zahori eta idazlea hizlari lanetan aritu zen Maisuenean La magia de las piedras hitzaldia eskaintzen. Jarraian, ohiko bueltaren txanda izan zen, eta Jentilbaratza bisitatu zuten. Arratsaldean, berriz, herriko Unai Mago gaztetxoak aranoarrak harri eta zur utzi zituen. Eta eguna bukatzeko, tripa bete eta berotzeko parada ere izan zen talo eta gaztaina erreekin.