Azaroko ekintzak bukatzear dira, eta horrenbestez, baita Ereñotzuko XXIX. Udazken Kulturala ere. Dena den, oraindik bada bizpahiru ekintzaz gozatzeko aukera.
Gaur goizean, esate baterako, adinekoek egun-pasa polita egingo dute El Montecillora (Nafarroa). Goizeko 08:00etan irtengo da autobusa, eta lehenik eta behin Marcillako gazteluari bisita egingo diote. Ondoren, bapo bazkaldu, bingora ere jokatuko dute, eta dantzaldiarekin amaituko dute adinekoek El Montecillorako txangoa.
Artikutzan mendi ibilaldia, bihar
Haritzalde Natur Taldeak gidatuta, Artikutzan mendi ibilaldia: animalien lorratzak ezagutzen ekitaldia antolatu da biharko. Hitzordua goizeko 09:30etan izango da, eta nahitaezkoa izango da Artikutzako baimena izatea.
Eta asteartean, aldiz, Jokin Lizeaga Urnietako mendi lasterkariak hitzaldia emango du Auzo Udaleko aretoan arra tsaldeko 19:30etan hasita (egun eta ordua aldatu dira).
Bertso entrenamendua, komentatua
Ostegunean, Bertsolari Txapelketa Nagusirako prestaketa lanak nolakoak diren komentatu ziren Auzo Udaleko aretoan. Orain lau urteko arrakasta ikusita, aurten ere Bertso Entrenamendu Komentatua antolatu zen, eta bertan Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzen ari diren Hernaniko Bertso Eskolako kideek hartu zuten parte. Maialen Lujanbio eta Unai Agirre hernaniarrek, Agin Laburu astigartarrak eta Aitor Mendiluze andoaindarrak ezin hobeto girotu zuten ostegunean aretoa.