Kategoria berrian debuta, eta garaipen haundia!

Kronika - Erredakzioa 2017ko aza. 18a, 01:00

Aurreko asteburuan eman zioten hasiera pista denboraldi berriari, txirrindulari astigarta­rrek. Pista Sariaren aurreneko jardunaldia jokatu zuten Do­nos­tiako belodromoan, eta bi­kain ekin zioten astigartarrek; bereziki, Urko Semperenak.
Debuta egin zuen 23 urtez azpikoetan, Eibar Energia Hiria-Debabarrena taldearekin; eta nola gainera! Aurreneko proban, eliminaziokoan, nagusi izan zen, Pista Sariko txapeldunari esprintean irabazita. Eta bigarrenean, puntuazioan, ondo kontrolatu zuen lasterketa, baita hiru esprint irabazi eta beste zazpitan puntuak lortu ere. Baina bukaeran, ihes egin zioten Leire Olaberriak eta Euken Gallegok, itzuli ba­te­ko aldea lortuz, eta hirugarren geratu zen Semperena, proban. Horrela, lider bukatu zuen aurreneko jardunaldia.

Erorketa, Telmo Semperenak
Debuta zuen Telmo Sempere­nak ere, juniorretan. Erori egin zen tempo proban, bi itzuli falta zirenean, eta ezin izan zuen punturik lortu. Zauriak sendatu ondoren, puntuazio proba ere lehiatu zuen, eta minduta egonda ere, itzuli bateko aldea lortu zuen taldetxoan sartu, eta zazpigarren izan zen. 10garren postuan dago sailkapenean.
Jaime Romerok, azkenik, bigarren urtea du kadete mailan. Scratch proban etengabe saiatu zen ihes egiten, eta lortu ez bazuen ere, bosgarren sailkatu zen. Are hobeto aritu zen puntuazioan, bigarren, eta hirugarren dago sailkapenean.
Gaur daukate bigarren jardunaldia, Donostiako belodromoan bertan, arratsaldeko 16:00etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!