Hitzarmena berritu dute Astigarragako Udalak eta Mundarro Kirol Elkarteak, hainbat bilera egin ondoren; eta datorren urtera begira, bikoiztu egin du Udalak, klubari emango dion dirulaguntza: 50.000 euro jasoko ditu, 2018an.
2016ra arte, 18.000 euro jasotzen zituen Mundarrok, Udal Gobernuak jakinarazi duenez: «2005etik ez da aldatu kopuru hori, eta ez zien erantzuten gure herriko kirol eskaintzaren egungo beharrei. Horregatik, Udal Gobernutik konpromisoa erakutsi klubarekin, eta 2017an 25.000 eurora haunditu dugu dirulaguntza», azaldu dute. Orain, berriro haundituko dute, 50.000 eurora: «proposamena kirol batzordean aurkeztu genuen asteazkenean, eta aho batez onartu zen».
Dirulaguntza haunditzeko, kontutan hartu du Udalak, azkeneko urteotan hirukoiztu egin dela, Mundarroren bitartez kirola egiten duten astigartarren kopurua.
Kirol eskaintza zabaldu eta berdintasuna sustatzeko saiakera, baloratuta
Gainera, Udalak azaldu du, baloratu nahi duela «Mundarrok egin duen saiakera, kirol eskaintza dibertsifikatzeko, eta kirolean berdintasuna sustatzeko. Aurreko urtean osatu zuten aurreneko nesken futbol taldea herrian, eta aurten nesken eskubaloi talde bat ere sortu dute».
Eta adierazi dute: «neurri honekin, herrian kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko apustua berretsi dugu. Horretarako muskulazio eta fitness gela birmoldatzea, edota Zarkumendegira doan bidegorria egitea ere. Eta lanean jarraituko dugu, astigartarrei kirol aukera berriak emateko».