Aurten ere jarri du martxan auzoz auzoko bilera erronda, Astigarragako EH Bilduk, 2018 urterako Udal aurrekontuak lantzeko: «dinamika aberasgarria eta beharrezkoa dela sinetsita, aurrekontu partehartzaileen dinamika abian jarri dugu berriro».
Dagoeneko egin dituzte lau bilera, Perurenan, Santiomendin, Oialumen eta Ergobian; eta beste bi egingo dituzte, datozen egunetan. Izan ere, prozesua azaroaren 30ean bukatzea aurreikusi dute.
Bilera horietan, urteko balorazio laburra egin dute, eta ondoren, datorren urterako lan ildo nagusiak zehaztu dituzte herritarrekin batera, eta baita eskaera, kritika eta proposamenak jaso ere. Horiek, 2018ko aurrekontu proiektuan txertatzea eskatuko diote Udal Gobernuari.
«Beharrezkoa da horrelako erabaki garrantzitsuak herritarrekin hartzea»
EH Bilduk adierazi du, «Udalak urtero hartzen duen erabaki garrantzitsuena» dela aurrekontua, bertan jasotzen direlako urterako diren ekimen eta lanak: «beraz, beharrezkoa da horrelako erabaki garrantzitsuak herritarrekin batera hartu eta konpartitzea. Horretarako da egitasmoa, herritarren nahiak bildu eta Udala herritarrengana hurbiltzeko».
Eta gogorarazi dute: «iaz 23 emendakin aurkeztu genituen, 800.000 euroko balioaz, herritarren proposamenei erantzuteko. Horregatik, bileratara gonbidatu nahi ditugu astigartar guztiak, dagokien auzoko bilerara zein beste batera; guztion ekarpena beharrezkoa baita, aurrekontu txukun eta herritarra izateko».