Asteazkenean eztabaidatu zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Foru Aldundiak autobus zerbitzu publikorako aurkeztu duen aurreproiektuaren gaia. Izan ere, mozioa aurkeztu zuten EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk, bertan behera uztea eta Udal, sindikatu eta erabiltzaileekin landuko den bat egiteko.
Mozioak ez zuen aurrera egin, Astigarragako EH Bilduk jakinarazi duen bezala: «azkenean, batzarkidea den Astigarragako alkatearekin batera, EAJk, PSE-EEk eta PPk atzera bota zuten. Ordainetan, Aldundiko gobernuan dauden bi alderdiek adostutako testua onartu zen. Bertan, eskatzen zen kontutan hartzea herrietatik egindako alegazioak; eta berandu eta hitzez bada ere, aurreproiektua hobetzeko Udalekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu zuten».
Eta kritikatu du: «ausartu ziren esaten, EH Bilduren aurreko legealdiko proposamenak eta beraienak, aldaketa berdinak jasotzen dituela. Argitzearren, egungo autobus zerbitzuak 3.550.343 kilometroko ibilbidea du; EH Bilduk 4.360.836ra igotzea pasatzea onartu zuen aurreko legealdian, eta EAJk eta PSE-EEk 2.749.989ra murriztea proposatu dute orain».
1.191 sinadura, Astigarragan
Astigarragako EH Bilduk adierazi du, gaiak «kezka bizia» sortu duela eskualdeko herrietan; eta egun gutxitan milaka sinadura bildu direla: «Astigarragan, bost egunetan, 1.191 sinadura izan ziren. Bestetik, Batzar Nagusietako mozio bera aurkeztu dugu Astigarragako Udalean, baina oraindik ez da eztabaidatu plenoan. Hala ere, ikusita alkatearen jarrera asteazkenean, garbi dago Aldundia babesteko hautua egingo duela EAJk, astigartarren interesak bigarren mailakotzat aitortuz».
Adierazi du, bestalde, asteazkenean haserre azaldu zela Marisol Garmendia Mugikortasun diputatua, «herritarrak bere murrizketak gelditzeko mobilizatu direlako. Baina argi geratu da, aurreproiektuak ez duela inor ase, eta inplizituki bada ere, akats esanguratsuak dituela onartu zuten, alegazioak aztertu eta onartzeko konpromisoa hartu baitzuen».
Zentzu horretan, Udal, eragile, herritar eta elkarteen lana goraipatu du Astigarragako EH Bilduk, eta jarraitzera animatu, «datozen asteotan alegazioei erantzun eta proiektu definitiboa aurkeztuko baita. Guk lanean eta arretaz jarraituko dugu, herritarren eskubideetan murrizketarik egin ez dadin».