Datorren astean, ostegunetik larunbatera bitarte, ospatuko dute Sagardo Forumaren bigarren edizioa. Orona Ideo eraikinean izango da, eta jardunaldiek iraun bitartean, «Hernani sagardo munduko hiriburu bilakatuko da», Luis Intxauspe Hernaniko alkateak azaldu zuenez, ostegunean egin zuten aurkezpenean.
Bertan ziren, egitasmoaren antolatzaileen ordezkariak: Luis Intxausperekin batera, Egoitz Zapiain, Sagardun Partzuergoko idazkaria; Zorione Etxezarraga, Astigarragako alkatea; Alaitz Aizpurua, Usurbilgo alkateordea; Maite Cruzado, Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendari nagusia; eta Harkaitz Millan, Basquetourreko zuzendari nagusia.
Mundo osoko hizlariak, eta mundu osoko entzuleak
Nazioarteko 21 hizlarik, sagardoan adituak, hartuko dute parte jardunaldietan. Eta entzutera ere, mundu osotik etorriko dira, aurreratu dutenez: «dagoeneko eman dute izena 140 lagunek, 11 herrialde desberdinetakoak», jakinarazi zuen Zapiainek: «arrakasta haundia ari da izaten, eta mundu mailan kokatzen lagunduko digu».
Intxauspek, bere aldetik, nabarmendu zuen jardunaldiek aukera emango dutela «munduko esperientziak konpartitzeko, sagarraz, sagardoaren produkzioaz, turismoaz...».
Sagardo Forumaren aurreneko edizioari egin zion erreferentzia Etxezarragak: «2009an izan zen, Astigarragan; eta konturatu ginen sagardoaren kulturaren balioaz eta indarraz. Urtetako gogoeta bati esker, iritsi gara hona, elkarlanean antolatu ditugun jardunaldietara. Apustua egin dugu, lokala den zerbait balioan jarriz, nazioartera salto egiteko».
Elkarlan hori «sintonia perfektuan» eman dela goraipatu zuen Cruzadok, eta baita Millanek ere, gaineratuz bazela garaia «sagardoa balioan jartzekoa, merezi duen tokia izan dezan». Azkenik, bertako sagarraren produkzioa indartzeko beharra nabarmendu zuen Aizpuruak.
Nazioarteko Lehiaketan, mundu osoko sagardoak
Nazioarteko adituen hitzaldiak bakarrik ez, Nazioarteko Sagardo Lehiaketa ere izango da, larunbatean. Mundu osoko 150 sagardo inguru izango dira bertan. Epaileen artean, berriz, sona haundiko sumiller, enologo, sukaldari, kazetari eta bloggerrak izango dira.
II. SAGARDO FORUM, Orona Ideon
AZAROAK 23, osteguna
08:45-09:15, Akreditazio eta dokumentazioaren banaketa.
09:15-09:30, Ongietorria eta irekiera instituzionala.
09:30-10:00, Sagarrondoaren egoera Euskal Herrian. Aitor Etxeandia, Sagarlaneko arduraduna.
10:00-10:30, Sagastien landaketa Süd Tirolen. Franz & Magdalena, Floriundako gerenteak (Italia).
10:30-11:00, Finca Gallinal Asturiasen. Daniel Exner, Finca Gallinaleko gerentea.
11:00-11:30, Atsedenaldia.
11:30-11:50, Euskal Sagardoa J.D. berriaren aurkezpena. Unai Agirre, Euskal Sagardoa J.D.ko gerentea.
11:50-12:10, Sektorearen jarduera ebolutiboa Euskadin. Ignacio Ruiz de Alegria, nekazaritzako elikagaien sektoreko aholkularia Iragesten.
12:10-12:30, Sagardoaren gaurko eta biharko erronkak. Iñigo Fernandez, Sagardo Mahaia.
12:30-12:50, Sagardoa Normandian. Christian Bosshard, Crambremer erkidegoko udalerrietako Turismo Bulegoko Lehendakaria.
12:50-13:10, Sagardoa Bretainian. Marc Gleonec, Bretainiako CIDREFeko lehendakaria.
13:10-13:30, Sagardoaren merkatua Ingalaterran. Mike Nield, sagardoen nazioarteko komertziala.
13:30-13:50, Sagardoaren merkatua Estatu Batuetan. Brian Rutzien, sagardoen nazioarteko komertziala.
13:50-14:15, Bretainia, Normandia eta Euskal Herriko sagardoen dastaketa.
AZAROAK 24, ostirala
09:30-09:50, Euskadiko turismo gastronomikoa. Iker Urcelay, Basquetourreko Gastronomia Produktuaren zuzendaria.
09:50-10:10, Sagardoaren turismoa San Sebastian Regionen. Maite Cruzado, Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendaria.
10:10-10:30, Sagarrondoaren Lurraldearen aurkezpena. Joxe Mari Alberro, Sagardoaren Lurraldearen zuzendaria.
10:30-10:50, Euskal sagardotegien ibilbidearen aurkezpena, eta Petritegi, Oiharte eta Iparragirre sagardotegiak. Amaia Zubeldia, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko turismo teknikaria.
10:50-11:10, Sagardoaren turismoaren garapena Asturiasen. Begoña Medio, Bmedio Consultoria Turisticako eta Asturias for foodieseko gerentea.
11:40-11:40, Castañonen eskaintza turistikoa: sagardoaren turismoa. Marta Garcia Miranda, Castañon sagardotegiko turismo teknikaria.
11:40-12:00, Atsedenaldia.
12:00-14:00, Mahai ingurua: Sagardoaren Lurraldea, etorkizuneko erronkak. Amaia Lopez de Heredia, Akimuko lehendakaria; Rainer Brusis, enoturismoko aholkularia eta Innova Managementeko gerentea; eta Iker Urcelay.
AZAROAK 25, larunbata
09:00-13:00, I. Nazioarteko Sagardo Lehiaketa. Sagardo dastaketak, dastatzaileen eskutik.
13:00, ‘Sagar Artean’ dantza ikuskizuna. Aktorea: Sonia Villamor. Dantza eta musika: Tio Teronen semeak. Ikusentzunezkoak: Ander Garaizabal.
13:30, I. Nazioarteko Sagardo Lehiaketako sari banaketa.
*Izenemateak eta informazio guztia: www.sagardoarenlurraldea.eus web orrian, Sagardo Forumaren atalean.